Nuria González Jorrín, Donostialdea ESIko Anestesiologiaren, Bizkortzearen eta Minaren Terapiaren zerbitzuko burua: “Anestesista ez da loarazten eta esnarazten zaituen norbait. Anestesista perioperatorio osoan zuri adi dagoen norbait da”

Anestesiologiaren, Bizkortzearen eta Minaren Terapiako zerbitzua Donostialdea ESIko garrantzitsuenetako bat da, bere dimentsioagatik zein zeharkakotasunagatik. Perioperatorio osoan daukan protagonismoak nabarmen uzten du funtsezko zerbitzu bat dela arlo kirurgikoan; izan ere, prozesu osoan pazientearen zainketaren, ongizatearen eta segurtasunaren arduraduna da. Gainera, pandemia honetan zerbitzu honen lanak garrantzi berezia hartu du, aireko biziaren maneiuan eta aireztapen mekanikoan daukan esperientzia dela eta. Ordea, lan horren ardurak ez du haren neurriko aitormenik jaso; izan ere, gizarteak beste espezialitate batzuetan jarri du foku mediatikoa eta arreta, beharbada profesional hauen lanaren tamaina ezagutzen ez delako.

Nuria González Jorrínek, Anestesiologiaren, Bizkortzearen eta Minaren Unitatearen zerbitzuko buruak, beren zerbitzua nola egituratzen den zehatzago kontatzeko hartu gaitu bertan, eta bere lantaldearen balioa azaldu nahi izan digu, harentzako esker onaren aitormena eta esker oneko hitzak besterik ez baititu. Ezer baino lehen, bere zerbitzuaren egitura azpimarratu nahi du Nuriak. Haren hitzetan, zail samarra da ulertzea non eta nola egiten duten lan; izan ere, “oso zerbitzu handia gara. Gainera, gero eta eskumen gehiago daukagu, bai eremu kirurgikoetan, bai eta gero eta garrantzitsuagoak diren ebakuntza-gelaz kanpoko eremuetan ere. Herritarrek eskatzen digute ebakuntzak pazienteari ahalik eta minik gutxien emanez eta ahalik eta erosotasun handiena eskainiz egitea”.

Hala, azaldu digunez, “gure ospitalean zerbitzu honek 80 anestesista eta 12 egoiliar ditu, eta gainerako taldekideekin batera (zeladoreak, erizainak, erizain laguntzaileak) Donostia Unibertsitate Ospitaleko hainbat bloke kirurgikotan lan egiten dute, bai eta Kirurgia Handi Anbulatorioan, anestesiaurreko kontsultetan eta ospitalizazio-solairuetan ere, interkontsulta-orriak egiten edo min akutua duten pazienteen jarraipena egiten. Hori ez da egiten duten lan bakarra; izan ere, zerbitzu honen ardurapean daude ebakuntzaondoko unitate guztiak, hala nola ABUak, URPIak, Bizkortze Unitatea eta ebakuntza egin zaien eta kirurgiaren konplexutasunagatik edo aurrekari pertsonalengatik arreta berezia behar duten paziente kritikoentzako anestesiako zainketa intentsiboko unitate bat. Unitate horietan “aurre-egokitzapena” behar duten pazienteak ere ospitaleratzen ditugu batzuetan, eta ebakuntza-gelara eraman aurretik monitorizatzen ditugu, izan ere, bihotz-patologiaren bat, odoljarioren bat… izan ohi dute. Horrez gain, jarduera kirurgikoarekin estuki loturik ez dauden beste zeregin batzuk burutzen dituzte erditze-geletan, endoskopien geletan, bronkoskopietan, hemodinamikan eta erradiologia interbentzionistan, bai eta Min Kronikoaren Unitatean ere”.

Lehen genioen bezala, anestesiaren eta bizkortzearen espezialitatea ezezaguna da gutako askorentzat. Nuriak azaldu digu zertan datzan: “nik beti esaten diot pazienteari ebakuntza-gelan dudan zeregina haren egonkortasuna eta segurtasuna zaintzea dela, ebakuntza beste batzuek egiten dioten bitartean. Hori da, funtsean, anestesista batek ebakuntza-gelan egiten duen lana: pazientearen inguruko guztiaz arduratzea, ez ebakuntza bera. Gure funtzioa da prozedura osoan zehar pazientearen egonkortasuna zaindu eta tratatzea (odoljariorik duen ikusi, hipotentso dagoen, arritmiarik, arnas arazorik edo erreakzio alergikorik agertzen den…). Kirurgian egon daitezkeen konplikazio guztiak anestesistak zaintzen ditu, talde kirurgiko osoaren lan multidiziplinarraren parte izanik.  Horrez gain, pazientea lo, minik gabe eta baldintza onetan egon dadin zaindu behar du, kirurgialariak ebakuntza egin diezaion. Anestesista ez da loarazten eta esnarazten zaituen norbait. Anestesista perioperatorio osoan zuri adi dagoen norbait da. Patologia mediko guztiak, patologia kirurgiko hutsak ez direnak, kirurgiaren aurretik baloratzen ditugu. Horretarako, beste espezialitate batzuekin lankidetzan aritzen gara, beharra dagoenean: kardiologiarekin, pneumologiarekin, nefrologiarekin… Erditzeen gelan ere laguntzen dugu, adibidez, pazienteak analgesia epidurala eskatzen duenean, edo odola galtzen duenean edo kanporatze konplikatua duenean. Ebakuntza-gelan sartu behar badu, zoritxarrez, amaren anestesiaz eta bizkortzeaz arduratzen gara, eta pediatrari ere laguntzen diogu, laguntza eskatzen digunean haurtxoa zainduz”.

Anestesiologo honek azaltzen digunez, bere eguneroko lana erantzukizunekin areago zamatu dela Covid-aren ondorioz: “ebakuntza-gelan egunero paziente dezente intubatzen ditugu. Gure espezialitatean arnasbidearen maneiu on bat daukagu, eta gaitasuna daukagu arnasari dagokion guztia ondo maneiatzeko, horrekin lan egiten baitugu egunero. Horregatik, egokitasun potentziala daukagu Covid pazienteak tratatzeko”.

Pandemiak ez du eten Anestesiaren, Bizkortzearen eta Minaren Unitatearen jarduera. Nuriak adierazi digunez, lehenengo olatuan bai, bertan behera utzi ziren zenbait jarduera kirurgiko, betiere Covid pazientea tratatzeko prest egongo ziren langile gehiago izateko helburuarekin, baina “hurrengo olatu guztietan gure ardurapeko jarduera kirurgikoa eta bestelako zereginak mantentzen saiatu gara, ez-Covid diren pazienteek hor egoten jarraitzen baitute. Covid-a egoteak ez du esan nahi minbizirik ez dagoenik, edo mina duen jenderik ez dagoenik, inor diagnostiko baten zain ez dagoenik edo ibiltzeko protesiren bat behar ez duenik. Norbaitek ezin badu ibili belauneko protesi bat behar duelako, guretzat oso gogorra da hura etxean minez edukitzea. Horregatik, lehenengo olatu hura eta gero, eta beti Zuzendaritzak lagundurik, ahalik eta ebakuntza gehien egin ditugu, eta kirurgiak ahalik eta gutxien atzeratzen saiatu gara, pazienteei estaldura hobea emateko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko”.

Nuriak kontatu digu beti egon direla prest laguntzeko: “nahiz eta egoerak gure erosotasun-eremutik irtetera behartu duen zerbitzu osoa –eta barnean hartzen ditut guztiak, bereziki ZMIko taldean sartu direnak, bai eta bizkorketako lantaldea ere, zeinak txandak aldatu dituen eta asteburuan guardia eta bisita-pase gehiago egiten dituen, eta paziente ez-kirurgikoak hartzen dituen gure Kritikoen Unitatean. Bereziki aipatu nahi ditut, halaber, erizaintzako lankideak, erizainak eta erizain laguntzaileak; horiek ere tregoarik gabe dabiltza, egunero sortzen diren beharretara egokitzen ikasten. Eta ez ditut ahaztu nahi gure kritikoen unitateetan pazienteak tratatzeko terapia multidiziplinarra eginez laguntzen diguten espezialitate mediko eta kirurgiko guztiak ere. Lehenengo olatuaz geroztik ZIUan laguntzen aritu gara. Pandemiaren hasieran 12 profesionalez osatutako nire zerbitzuko talde batek gaurdiak egin zituen zainketa intentsiboko unitatearekin batera, eta 12ko beste talde batek ekimen bera errepikatu zuen bigarren olatuan”.

Ospitaleko beste eremu batzuetan bezala, Anestesiologiaren, Bizkortzearen eta Minaren Terapiaren Zerbitzua berregituratu egin behar izan da. “esnatzeen, bizkortzeen eta ebakuntzaondoaren eremuak handitu ditugu; hala, une honetan 10 ohe ditugu bizkortzean eta 11 ohe ditugu paziente intubatu edo kritikoentzako lehengo Anestesia Osteko Bizkortze Unitatean. Gure espazioa kardiologoen ardurapeko 8 paziente koronariorekin partekatzen dugu, eta haiei laguntzen diegu arnasbidearen maneiuan, bihotz-gelditze bat dutenean edo hemodinamikara jo behar denean. Halaber, 1.2. solairua ireki dugu, Anestesia Osteko Bizkortze Unitaterako bakarrik gordeko diren oheekin, maneiu azkarragoa duten operatutako pazienteentzat, eta Gizpukoa Ospitaleko Anestesia Osteko Bizkortze Unitatea (AOBU), traumatologiako pazienteentzako dena, zainketa ertainetako AOBU bihurtu da; hala, pertsona bat gehiago jarri dugu goardiak egiteko, goizez, arratsaldez eta gauez egon behar dugulako, eta urrun samar gaudelako fisikoki. Gaur egun guardiak egiten ari gara Ama-haurren eraikinean: pediatrian, ebakuntza-gelako eremu orokorrean, bizkortzean eta  bizkortze bilakaturiko AOBUan; gaueko 10:00ak arteko txandak egiten ari gara 1.2. solairuan eta guardiak egiten ari gara Gipuzkoako Ospitalean”.

Baina Nuriak adierazi digunez, hilabete hauetan ospitalea ez ezik pertsonak ere aldatu gara, “hasieran beldur handiagoa genuen. Ez genekien ziur zein ziren kutsatzeko bideak, norbera babesteko ekipamendua jartzen eta kentzen ikasi behar izan genuen, bideo pila bat ikusten genituen, artikulu pila bat irakurtzen genituen eta, gainera, etxekoak kutsatzeko beldur ginen. Beldurra oso librea zen. Baina denborarekin beldurra galtzen ikasten duzu, edo harekin bizitzen, beste erremediorik ez duzulako. Orain, Covid paziente bat dugunean, lasaiago sartzen gara gelan. Covid pazienteak ere ebakuntza-geletatik pasatzen dira, bai eta ebakuntza-gelaz kanpoko eremuetan ere, ebakuntza urgenteak direnean, eta prozedurak berez duen arriskuari intubazioaren eta extubazioaren arriskua gehitzen zaio. Gainera, askotan paziente horren esnatzea ebakuntza-gelan egin behar dugu, ospitalizazioko solairura segurtasunez lekualdatu daitekeen arte”.

Denetik ikasten da, eta hain berria den egoera honetatik, are gehiago. Horrela aitortzen digu profesional honek: “gure zereginetan geure buruak gehiago babesten ikasi dugu. Ez naiz ari Covid-az bakarrik, badira kutsakorrak diren beste gaixotasun batzuk ere, eta kasu horietan ere balio digu ikasi dugunak. Asko ikasi dugu, halaber, arnas-patologia hutsa duten pazienteen maneiuari dagokionez. Gure paziente kritikoak kirurgikoak dira batez ere, baina pandemia honen ondorioz paziente kritiko mediko batzuk ere tratatu behar izan ditugu. Une hauetan, pneumonia bat edo garun-hemorragia bat duen paziente bat ospitaleratu daiteke, ez dute zertan paziente kirurgikoak izan. Covid pazienteak erakusten dizu zer zailtasun dituen aireztapenaren maneiuak hainbeste zurruntzen diren eta ezein aireztapen modurekin behar bezala oxigenatzen ez duten biriken kasuan; hala, profesional gisa, inpotentzia handia sentitzen dugu kasu askotan”.

Nuriari galdetu diogu pandemia garai hauetan nolako harremana izaten ari diren pazienteekin, eta, esan digunez, harreman ona dute haiekin: “pazienteak esker oneko agertzen zaizkigu. Oro har, haiekin egoteko denbora gutxiago daukagun sentsazioa dugu, ez soilik zeregin profesionalean, baita kritikoen unitateetan laguntzen pasatu behar izaten ditugun ordu luzeetan ere. Bakarrik daude, bisitak mugatuak dituztelako; eta, gainera, haien patologiarengatik isolatuta daudenez, kontu handiagoz aukeratzen dira boxera sartzeko uneak. Psikologikoki, gogorra izaten ari da guztiontzat”.

Nuriaren zerbitzuan txertatuta daude profesional gehienak, eta horrek egunen batean guzti hau bukatuko den itxaropena ematen du. Ordea, haserre antzean agertzen zaigu zenbait jokaeraren aurrean: “gutxiengoa dira gauzak gaizki egiten ari direnak. Uste dut gehiengoa arduratsua dela, baina zerbait gertatzen ari da gutxiengo horrekin, bat-batean zifrek gorakada esponentziala izaten baitute, eta egoerari heldu ezinean uzten gaitu horrek, eta berriro hasi behar izaten dugu. Guztiok oso gaizki pasatzen ari gara. Covid-a jende asko ari da hiltzen eta ohe asko kentzen ari zaio beste patologiaren bat duen eta etxean zain dagoen jende askori”.

Plazer bat izan da Nuriarekin batera hain zirraragarria eta funtsezkoa den gure ESIko espezialitate hau ezagutzea.