Oier Ateka, Donostialdeko ESIko Barne Medikuntza zerbitzuko medikua: “Ikusten ari gara COVID-19aren sintoma batzuek 6 hilabete baino gehiago iraun dezaketela infekzioaren ondoren”

COVID-19a jasan duten pertsona asko COVID-19 iraunkorra deiturikoa pairatzen ari dira. Eskuragarri dauden datuen arabera, COVID-19a duten pertsona batzuek sintomak izaten dituzte kutsatu eta hilabete batzuetara arte. Oier Ateka Donostialdeko ESIko Barne Medikuntza zerbitzuko medikuak esan digu nola ari diren arazo horri aurre egiten eta zer dakiten horri buruz.

 

Noiz esan dezakegu COVID-19a iraunkorra dela?

Gaur egun, Covid iraunkor terminoak ez du definizio arauemaile edo zehatzik, baina Familia Mediku Orokorren Espainiako Elkartearen arabera “Covid 19a izan duten pazienteen artean gaixotasunaren fase akutuaren ondoren denboran irauten duten konplexu sintomatiko multiorganikoa da (diagnostikoa baieztatuta izan edo ez)”.

 

Zer sintoma ditu COVID iraunkorra duen pertsona batek?

Printzipioz, sindrome horren sintomak ezberdinak izan daitezke, eta honako hauek barne hartzen dituz, besteak beste: ariketarekin zerikusirik ez duen neke-sentsazioa (astenia) edo zerikusia duena (arnas-estutasuna edo disnea), min toraziko zehaztugabeak, eztul lehorra, usaimenaren eta dastamenaren asaldurak, muskulu eta artikulazioen molestiak, buruko mina, zorabio-sentsazioa, insomnioa, ile-erorketa, digestio aparatuko asaldurak, oroimen- eta kontzentrazio-arazoak, antsietatea eta sintoma depresiboak (estres postraumatikoarekin lotuta egon daitekena).

 

Zenbat denbora luza daitezke ondorio horiek?

Zaila da sintomek zenbat iraungo duten iragartzea, Covid-19aren berritasuna dela eta. Nolanahi ere, ikusten ari gara horietako batzuek 6 hilabete baino gehiago iraun dezaketela infekzioaren ondoren. Oraindik ikerketa gehiago behar ditugu sintoma bakoitzaren iraunkortasunarekin lotutako faktoreak ikusi ahal izateko.

 

Sintoma horiek ezgaitu ahal dituzte pertsonak eguneroko jarduerak egiteko?

Izan daiteke, bai. Kasu bakoitza banaka hartu behar da kontuan, baina, paziente bakoitzak dituen sintomen eta asaldatutako organoen arabera, ondorio eta ezgaitasun funtzionalak maila arinetik larrietarainokoak izan daitezke.

 

Badirudi COVID iraunkorra duen pertsona baten profil tipikoa 43 urteko emakume bat dela. Hala da?

Hala ondorioztatzen da Espainiako Familia Mediku Orokorren Elkarteak eta Long Covid Acts kaltetuen kolektiboak aurtengo uztailaren 13tik urriaren 14ra bitartean egindako inkestatik. Horren arabera, inkestatutako 2120 pertsonetatik 1843k Covid iraunkorraren sintomak zituen, eta beraietatik %79a emakumeak ziren, batez besteko adin horrekin.

 

Hainbat organori eragiten dioten hainbat albo-ondorio; nola ondorioztatu daiteke ezer hain korapitsua den kontu honetan?

Gaur egungo hipotesien arabera, gizabanako zaurgarri batzuek infekzioari immunologiaren, sistema neuroendokrinoaren eta/edo psikologiaren ikuspegitik emandako erantzun bereziagatik ondoriozta daiteke, beste infekzio-prozesu batzuetan gertatzen den bezala. Covid-aren infekzio akutuak organo ezberdinei eragin diezaieke, horregatik ondorioen aniztasuna.

 

Lotu dezakegu COVID-19a neke kronikoaren sindromearekin?

Hala da, berezitasunen batekin, Covid-19aren sintoma horietako asko ohikoak dira beste infekzio batzuen ondoren ikusten ditugun “neke kronikoaren sindromean” edo “síndrome postbiriko kronikoan”.’

 

COVID-19 ez diren beste infekzio batzuen ondoren ere ohikoak al dira horrelako ondorioak?
Bai; esaterako, Coxsackie B, Epstein-Barr, Citomegalovirus, influenza, arbobirus batzuk, Herpesvirus-6 eta T zelulen birus linfotropiko -1 eta -2ak birusek; Brucella, Coxiella eta Borrelia bakterioek, eta malaria eta toxoplasmosia bezalako parasitoek eragindakoak.

 

Oraindik gai honi buruz dagoen ebidentzia urria da. Nola egiten da COVID iraunkorra duen paziente baten diagnostikoa? Ba al dago horretan lagunduko digun proba osagarririk?

Sindrome honen diagnostikoa klinikoa eta baztertzailea da, eta, beraz, ez da berariazko proba osagarri berezirik behar horretarako. Arazoa da lehenengo olatuan paziente askori ez zitzaiela PCR frogarik egin, honek dakarren diagnostiko zalantzekin.

 

Ba al dago COVIDaren ondorioak arintzen dituen sendagairik?
Botika ezberdinak erabil daitezke, sintomen eta pazientearen arabera. Tratamendua, printzipioz, sintomatikoa da, kasu bakoitzaren berezitasunaren arabera.

 

Aipatu da txertoak COVID-19a duen pertsona baten gaitzak arindu ditzakeela. Ba al du baieztapen horrek oinarririk?
Oraindik hipotesi bat da, pazienteei egindako nazioarteko inkestetan oinarritua, baina txertoa jaso ondoren iraupen luzeko Covida duten pertsona batzuen hobekuntzari buruzko datuak hori iradoki dute. Hemendik aurrera burutzen diren ikerketen eta txertaketa masiboaren ondoren, galdera hau eta beste batzuk erantzuteko gai izatea espero dugu.