Olatz Odriozola, ziklo-krosean espezialista eta zeladorea “Beti uztartu behar izan ditut bizikleta eta lana”

Olatzekin lehen aldiz hitz egitean, berehala konturatzen zara bizinahi eta alaitasun handiko pertsona bat dela. Elkarrizketa minutu batzuetan adostu, eta ordu batzuen buruan erantzun die gure galderei, markak hautsiz. Nabari da txapelduna dela eta lehiatzera ohituta dagoela. Izan ere, Olatz Euskadiko kirolari garrantzitsuenetako bat da. Bere palmaresa sinestezina da. Berak ere ez du gogoratzen zenbat lasterketa irabazi dituen edo zenbatetan geratu den onenen artean. Gainera, Olatzek txirrindularitza eta gure erakundean duen zeladore-lana uztartzen ditu. Mila esker, Olatz, eskainitako arretagatik, eta zorte on zure hurrengo lasterketetan.

 

Esaguzu nor den Olatz Odriozola:

Kirola, natura eta sukaldaritza  gustuko dituen emakume aktiboa. Geldi egoteko ez dut asko balio, kar-kar-kar.

 

Noiz hasi zinen ziklo-krosean lehiatzen?

18 bat urte daramatzat txirrindularitzan murgilduta. Hasieran mendi-bizikletan hasi nintzen, eta azken 12 urteetan ziklo-krosa eta mendi-bizikleta uztartu ditut.

 

Zein taldetan garatu duzu zure kirol bizitza?

Gipuzkoako Ciclos Patxi taldean hasi nintzen. Gero Nafarroako  Iturrotz Conor Saltoki taldean ibili nintzen. Eta azken 9 urteetan Arabako Bizikleta.com taldean nabil.

 

Zergatik aukeratu zenuen espezialitate hau?

Hasieran, jakin-min hutsagatik. Nire bikotekidea lesionatu egin zen eta bere bizikletekin probatzea erabaki nuen. Eta gustatu egin zitzaidanez, bizikleta bat erosi eta neguan bizikletan ibiltzen jarraitzeko aukera gisa ikusi nuen.

 

Nolako da Olatz Odriozola txirrindulari gisa?

Oso borrokalaria eta burugogorra naiz. Irabaztera ateratzen naiz, nahiz eta beti ez den horrela gertatzen. Ahal dudanetan lasterketako iniziatiba eramatea gustatzen zait, erasokor jokatzea.

 

Zure palmaresa harrigarria da. Gogoan dituzu irabazitako lasterketa guztiak?

Egia esan, ez. Batzuk gogoratzen dituzu, baina gutxi, berezienak.

 

Nola lortzen duzu kirola eta zeladore lana uztartzea?

Beti uztartu behar izan ditut bizikleta eta lana. Saiatzen naiz, astean 5 egunetan, egunean 2 orduz bizikletan ibiltzera ateratzen. Eta entrenamenduak lan egiteko txandaren arabera antolatzen  ditut.

 

Zein izan dira bizikleta gainean bizitako unerik onenak?

Bizikleta gainean igarotako momentu on asko lasterketetatik kanpokoak izan dira, oporretan edo entrenatzen bizitakoak. Baina gozatutako lasterketak ere izan ditut; horietako batzuk dira Naviako Espainiako Txapelketa, Gavereko (Belgika) lasterketa, Legazpiko Espainiako Txapelketa, Pont-Chateauko (Frantzia) Europako Txapelketa, Valkenburg-eko (Holanda) Munduko Txapelketa…

 

 Zein lasterketa gogoratzen duzu maitasun bereziz?

Legazpiko Espainiako Txapelketa.

 

Kirola eta osasuna lotuta daude, zalantzarik gabe. Zergatik gomendatuko zeniguke bizikletan ibiltzea osasuntsu egoteko?

Ariketa fisikoa eta osasuna batera doaz, eta osasuntsua da. Beraz, lasai ta patxadaz bizikletan ibiltzea gorputza aktibo eta ondo mantentzeko alternatiba ona da.  Kirola (lehiaketakoa) eta osasuna ez daude hain elkartuta, ez da hain osasuntsua. Kirolariok, nik uste, gehiegi behartzen dugu gure gorputza, eta, gainera, buru-estres handi samar baten menpe jartzen gara. Hau nik esatea ere… kar-kar-kar.

 

Trafiko-istripu larri bat izan zenuen, baina hura gainditu eta lehiaketara itzuli zinen. Zaila izan zen?

Oso-oso zaila izan zen. Baina ondo osatzeko edozer egiteko prest nengoen. Bost hilabete behar izan nituen osatzeko, eta tartean hiru ebakuntza izan nituen. Egun osoa pasatzen nuen hobetzeko ea zer egin nezakeen pentsatzen, eta uzten zidaten neurrian egiten.  Medikuekin nahikoa lehia izan nuen, nik azkarrago joan nahi eta ez baitzidatzen uzten.  Urte horretan, lehenengo ziklo-kros lasterketa ikustera gurpildun aulkian eraman ninduten. Bertan jakin nuen Espainiako Txapelketa Legazpin izango zela. Beraz, osatzeko helburu gisa hartu nuen bertan izatea. Alta eman zidaten egunetik hilabete eduki nuen, baina Legazpiko lasterketan parte hartzearekin bakarrik ez nintzen konformatzen. “Dena hala ezer ez” atera nintzen lasterketan, eta bertan hirugarren postua lortu nuen. Ikaragarria eta sinestezina izan zen niretzat eta nire ingurukoentzat.

 

Zein da zure hurrengo kirol erronka?

Lehenengo, asteburu honetan Beasainen jokatuko den Gipuzkoako Txapelketa, nahiz eta oraindik ez naizen lehengo astean Legazpin edukitako erorikotik osatu.

Gerora, lanaren eta nire gorputzaldiaren arabera, Euskadiko Txapelketan lehiatzen saiatuko naiz, eta ea Espainiako Txapelketetara joaterik dudan.