Osakidetzak Gipuzkoako ehun urtetik gorako biztanleriaren ezaugarriei buruzko azterlan aitzindari bat egin du

Osakidetzako Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko ehun urtetik gorako biztanleriari buruzko azterlan deskribatzaile aitzindaria egin du. Atzera begirako azterlan honek Gipuzkoan 2015etik 2022ra hildako ehun urtetik gorako pertsonen ezaugarri soziosanitarioak, funtzionalak eta biologikoak eta adineko gainerako biztanleenak alderatu ditu.

Horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak ikerketa zientifikoaren bidez herritarren osasuna eta, bereziki, adinekoen bizi-kalitatea hobetu nahi duten proiektuak bultzatzeko konpromiso sendo eta irmoa agertu nahi dute.

 Ikerketa hau Ikerbasque ikertzailea eta Biodonostia OIIko Onkologia Zelularreko Taldeko arduraduna den Ander Matheu doktoreak koordinatu du, eta zentro bereko Osasun Publikoko eta Epidemiologia Saileko Javier Mar doktorearen taldearen laguntza izan du.

Lortutako emaitzek erakutsi dute ehun urtetik gorako gehienak emakumeak zirela. Gainera, bi taldeen arteko alderaketak agerian utzi du Gipuzkoako ehun urtetik gorako pertsonek gaixotasun gutxiago garatu dituztela, arreta mediko gutxiago behar izan dutela eta gainerako adinekoek baino sendagai gutxiago hartu dituztela. Gainera, odol-analisiek ere osasun biologiko hobea zutela erakutsi dute (besteak beste, glukosa- eta koipe-maila txikiagoak).

“Descriptive and predictive analysis identify centenarian´s characteristics from the Basque population” izeneko lan hau Frontiers in Public Health aldizkarian argitaratu da, eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan egindako 3 urteko elkarlanaren emaitza izan da. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri deialdiaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren dirulaguntza jaso du.

Pertsona guztiak ez dira berdin zahartzen, eta biztanleria-talde batzuek zahartze osasungarriari buruzko informazio-aztarnak eman ditzakete. Ildo horretan, ehun urtetik gorakoek bizi-iraupen izugarria erakusten dute, eta nazioarteko hainbat biztanleria-ikerketatan ikusi denez, haien bizi-luzera lotuta dago jarduera kognitiboa hobeto mantentzearekin, eta komorbilitate gutxiago eta bizi-kalitate hobea izatearekin.

Biztanleriaren zahartzea erronka handia da sistema sozioekonomikoarentzat, osasun-sistemarentzat eta, oro har, gizartearentzat. Zahartutako biztanleria etengabe hazten ari da mundu mailan, batez ere herrialde aurreratuenetan, eta hazkunde hori ez da geldituko. Aitzitik, hazkunde hori areagotu egin da Euskadin, non bizi-itxaropena 10 bat urte luzatu den azken 4 hamarkadetan (bizi-itxaropen hori 86 urtetik gorakoa da emakumeen kasuan, eta 80 urtetik gorakoa gizonen kasuan).