Osakidetzak prostatako minbizia tratatzeko hain inbaditzailea ez den terapia berritzaile bat aplikatzen du lehen aldiz Euskadin

Osakidetzak Euskadin egiten den prostatako minbiziaren lehen tratamendu fokala egin du Donostia Unibertsitate Ospitalean. Lesio txikiak edo arrisku txikikoak tratatzera bideratutako terapia da, modu lokalizatuan eta erasan gabeko eremua ahalik eta gehien zainduz.

Ohiko tratamendua prostata-guruin osoari aplikatzen zaio, prostatektomia erradikalaren edo erradioterapiaren bidez, eta horrek arazoak sor ditzake, besteak beste gernu-inkontinentzia edo erekzio-disfuntzioa. Terapia fokala, berriz, minbiziak erasandako eremuan bakarrik ablazioa egitean datza, gainerako guruina babestuz eta, beraz, adierazitako ondorioak minimizatuz. Horrek etorkizun handiko alternatiba bihurtzen du lesio bakar, txiki edo arrisku baxukoak dituzten pazienteen tratamendurako, konprometitutako eremuan bakarrik jardun eta, horrela, gaintratamendu-arriskua saihesten duenez gero.

Gogoratu behar da prostatako minbizia dela prebalenteena gizonen kasuan; proba analitiko bidezko detekzio-tasak handiak dira, nahiz eta pazienteen erdiak arrisku baxuko edo ertaineko gisa sailkatzen diren, eta horrek gaindiagnostiko-arrisku potentziala dakar.

Logikoa denez, ondoren egiten den jarraipena zorrotza izango da, irudi-probak eta prostata-biopsia berri bat barne hartuta lehen urtean; aurrerago, lehen prozesuaren antzeko bigarren prozesu bat egiteko aukera dago, edo, emaitzen arabera, tratamendua prostata-guruin osora eskalatuta.

Terapia fokal hori lehen aldiz aplikatu da Osakidetzako Donostia Unibertsitate Ospitalean, eta Nafarroako Unibertsitate Klinikako Urologia Zerbitzuko buru Miñana doktorearen laguntza izan du.