Osakidetzak Protoiterapia-unitate berriaren eraikuntza adjudikatu du, minbiziaren aurkako borrokan tratamendurik aurreratuena
Osakidetzak adjudikatu du Euskadin minbizia tratatzeko protoiterapia-unitate berria hartuko duen eraikinaren eraikuntza. Donostian kokatuko da eta Euskadi osoari eta eta Nafarroa, Errioxa, Kantabria eta Burgos eta Soria probintziei (Gaztela eta Leon) emango die zerbitzu, pazientearentzako arriskuak murrizten dituen abangoardiako teknologiarekin. Hala, minbizia duten pertsonen tratamenduaren humanizazioan sakonduko da.
Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro inguru konprometitu ditu punta-puntako osasun-azpiegitura horretako eta espero da obrak uda amaieran hastea, Ferrovial Construcción, S.A., Construcciones Moyua, S.L. eta Construcciones Intxausti, S.A. enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkartearen eskutik. Obrak egiteko 24 hilabeteko epea izango da.
EUSKADIKO PROTOITERAPIA-UNITATEA
Protoiterapia oso leku gutxitan ezarrita dagoen erradioterapia modalitate berezia da. Hain zuzen ere, Amancio Ortega Fundazioak emandako hamar azeleragailuetako bat izango du Euskadik. Azeleragailu horrek 28 milioi euroko balioa du, eta Euskadi da segurtasun-baldintza zorrotzak bete behar dituen ekipo hori hartzeko unitatea abian jartzeari ekin dion Estatuko lehen erkidegoetako bat.
Protoiterapia-unitatea hartzeko proiektatutako eraikina Donostian kokatuko da eta oin berrikoa da. 9.625 metro koadroko azalera eraikia izango du 4 solairutan banatuta: 2 sestra azpian eta beste 2 sestra gainean. Espazio nagusia tratamendurako bunkerra da, betiere kontsulta, diagnostiko eta plangintzarako eremuekin, pazienteen prestaketarako eremuekin eta langileentzako lan-eremuekin batera. Proiektuak, halaber, haurrentzako jolastokia izango duen itxaron-eremu espezifiko bat aurreikusten du, baita haurrentzako 3 boxeko prestaketa-eremua adin txikiko neska-mutilentzat.
PAZIENTEENTZAKO ARRISKUAK MURRIZTEA
Teknologia horren ezaugarria da protoiak erabiltzen dituela X izpiak edo elektroiak erabili beharrean. Horri esker, erradiazio lokalizatuagoa egingo da, eta, hartara, dosia hobeto banatuko da eta eragin txikiagoa izango du kaltetutako ehuna inguratzen duen ehun osasuntsuan. Horrek, era berean, etorkizuneko ondorio kaltegarriak murriztea eta bigarren tumoreak garatzeko arriskua murriztea dakar. Hori garrantzi handikoa izango da biziraupen luzeko pazienteentzat, batez ere pediatriako populazioarentzat, populazio horri baitagokio protoiterapia bidez trata daitezkeen pazienteen ehuneko handi bat.