Osakidetzaren Paziente Bizia programak NAOS saria jaso du, obesitatea prebenitzeko ohitura osasungarriak sustatzen laguntzeagatik

Osakidetzaren Paziente Bizia programak NAOS Estrategia saria jaso du osasun-eremuan. Sari  hori Elikadura Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak ematen du urtero, NAOS estrategiaren esparruan.

Elikadura Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak obesitatea edo transmitigarriak ez diren beste gaixotasun batzuen prebentzioa sustatzea oinarrizko helburutzat duten ekimenak lagundu nahi ditu horrela, biztanleen artean elikadura osasungarria eta ariketa fisiko erregularra sustatuz.

Zehazki, osasun-eremuko NAOS saria ematen zaie gainpisua eta obesitatea garaiz detektatzeko neurriak finkatzeko eta biztanleriaren ohituretan elikadura osasungarria eta jarduera fisikoaren praktika erregularra ezartzeko gaitasun nabarmena erakusten duten ekimenei.

Lurdes Ochoa de Retana Paziente Bizia – Paciente Activo programaren arduradunak ez du sari hau jasotzeak emandako poza ezkutatzen: “Sari bat jasotzea beti da egindako lanaren aintzatespena. Kasu honetan, 340 monitore baino gehiagoren dedikazioa aitortu da, zeinak tailerrak emanez programaren helburu nagusia lortzen laguntzen baitute –gaixo kronikoak edota haien zaintzaileak ahalduntzea, gaixotasuna hobeto ulertzeko, osasunaz arduratzeko eta erabaki partekatuak hartzeko gaitasuna izan dezaten–“.

Azken urtean, pandemia gorabehera, 450 pertsona inguruk parte hartu dute Paziente Bizia programak proposatzen dituen tailerretako batean. Osasun-egoera hobean bizi nahi dutenei edo gaixotasun kroniko bat izan eta bizi-kalitatea hobetu nahi dutenei beren burua zaintzeko tailerrak dira. Parte-hartzaileek, esaterako, elikadura-ohiturak, ariketa, atsedena, arazoak konpontzeko teknikak, estresa kontrolatzeko teknikak, emozioen maneiua edo sexualitatea lantzen dituzte. Tailerrak zaintzaileentzat ere badira.

Lehen esan dugun bezala, tailer hauetan elikadurarekin lotutako gaiak ere azaltzen dira: “Oinarrizko ezagutzak ematen dira eduki teoriko-praktikoekin, elikagaiak osatzen dituzten mantenugaiei buruzko informazioa ematen da, elikagaiak etiketak irakurriz aukeratzen dira, eta elikadura osasungarrirako erosketa eraginkorra egiten da. Parte-hartzaileek, begiraleen laguntzarekin, menu indibidualizatuak sortzen ikasten dute, egunean zehar elikagaien kantitatea, prestaketa eta banaketa kontrolatuz, pertsonen beharren arabera, eta konposizio-taula batzuetan oinarritutako elikagaien gida bat erabiliz”.

Ariketari dagokionez, hiru ariketa motei buruzko ezagutza teorikoetan oinarrituz programak egiten irakatsi eta ariketa fisikoa sustatzen da,  eta, ikastaro praktikoen bidez, programa horien intentsitatea bakoitzaren gaitasunen arabera kontrolatzen irakasten da.

10 urte baino gehiago igaro dira ekimen berritzaile hori abian jarri zenetik, eta Lourdesen arabera, esperientzia hori izan da, zalantzarik gabe, saria jasotzeko arrazoietako bat: “Beharbada epaimahaiari atentzioa eman dio programaren 10 urte baino gehiagoko ibilbideak, bai eta berdinen arteko prestakuntzaren metodologiak ere, non zaintzaren ikuspegi holistikoa garatzen duen eredu bat sustatzen den, osasunarekin eta gaixotasunarekin lan egiteko modu berriak ikasiz, interesa edo arreta beharretan, sentimenduetan eta bizipenetan jarriz, unean uneko helburuak finkatuz, eta, ezagutza teorikoa ez ezik, pertsonaren une bitala ere kontuan hartuz.

Programak bost tailer mota eskaintzen ditu:

      • Nire osasuna aktiboki zainduz: edozein gaixotasun kroniko duten pertsonei zuzentzen zaie.
      • Nire diabetesa zaintzen: II. motako diabetesa duten pertsonei zuzentzen zaie.
      • Osasuna zaintzen ijitoen herrian: ijitoen komunitateari zuzentzen zaio.
      • Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen: prozesu onkologikoa igaro duten pertsonei eta/edo zaintzaileei zuzentzen zaie.
      • Entrenamendu Aktiboko online ikastaroa: herritar guztiei zuzentzen zaie (anonimoa eta ordutegirik gabea).

2020ko martxoan, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, pazienteen eta profesionalen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ziren, aurrez aurreko jarduera mugatuta. Programan, orduan, prestakuntza-eskaintza online modalitatearekin indartzea erabaki zuten; horrela, lehen aurrez aurre ematen ziren tailerrak bideo-deien bidez ematen dira orain, eta, gainera, Entrenamendu Aktiboaren ikastaroa sortu da, biztanleriaren zati zabalago bati zuzendua. Ikastaro honetara modu anonimoan sar daiteke, erraz, eroso eta ordutegirik gabe. Metodologia hainbat gairen irakurketan ez ezik taldekideen arteko elkarrekintzan ere oinarritzen da; elkarrekintza horren bidez taldekideek arazoak, lorpenak, emozio zailak eta ekintza-planak partekatzen dituzte, eta autozainketaren inguruko trebetasunak lantzen dituzte.

Gaur egun, lantegiak Zoom bidezko saioen bitartez egiten dira; saioak 2 ordu eta 15 minutukoak izaten dira, astean behin (7/8 aste), Entrenamendu Aktiboko online ikastaroa izan ezik, azken honek ez baitu ordutegirik.  Pixkanaka presentzialtasuna berreskuratu ahal izatea aurreikusten da, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zena. Hala ere, online eskaintzari eutsiko zaio. “On line modalitatea geratzeko etorri da”, gaineratu du Lourdesek. “Aurrez aurreko tailerrak laster berreskuratzeko nahia eta itxaropena dugu. Edonola ere, gure erronka aurrera egiten jarraitzea izango da, betiere osasun-arloko profesional guztiekin elkarlanean, eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetuz eta pertsonen beharrei guztion artean erantzunez”.

  1. urtean abian jarri zenetik, 8.000 pertsona inguruk parte hartu dute lantegietan. Lantegi horiek, pandemia sasoi hauetan, are garrantzi handiagoa dute; izan ere, aukera ematen dute trebetasunak eskuratzeko, herritar bakoitzak bere osasuna zaindu eta autonomia irabazi ahal izateko. Programak osasunarekin eta gaixotasunarekin lan egiteko modu berriak eskaintzen ditu, interesa pertsonaren beharretan, sentimenduetan eta bizipenetan zentratuz, helburuak une bakoitzera egokitzeko.

Paziente Bizia programari buruzko argibide gehiagorako: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-eskola-ataria/-/paziente-bizia-programa/.

Telefonoz ere jar daiteke harremantean (943 00 65 51,) edo helbide honetara idatziz: pacienteactivo@osakidetza.eus.