Otsailaren 15a, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna. Aurrerapenak Donostialdeko ESIko haur eta nerabe onkologikoen tratamenduan
Sareko lana arreta onkologikoa hobetzeko
Azken urteotan, Donostialdeko ESIak haur eta nerabeak diren paziente onkologikoen arreta indartu du sareko lan-eredu baten bidez, Osasun Ministerioaren gomendioei jarraituz.
Autonomia erkidegoen arteko sare-lanak zirkuituak errazten ditu EAEko zentroen eta zenbait patologia onkologikotarako erreferentziazko CSUR zentro gisa aitortu diren ospitaleen artean. Horrela, pazienteen bizitokitik gertuko arretari lehentasuna ematen zaio, zentroa urrun izateak familia-bizitzan duen eragina minimizatuz. Bestalde, laginak eta informazioa lekualdatzen dira, pazienteak lekualdatu beharrean. Era berean, gure ESIak Hematologia eta Onkologia Pediatrikoaren Espainiako Elkarteak antolatutako Estatuko Batzordeetan parte hartzen du, kasu konplexuak eztabaidatzen.
Gaur egun, pediatriako minbizi kasu guztiak Haur eta Nerabeen Tumoreen Batzorde Autonomikoak ebaluatzen ditu. Batzorde hori (Donostiako Unibertsitate Ospitalea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea) astero biltzen da online.
Beste ekintza garrantzitsu bat da Haur Minbiziaren Ikerketa Klinikorako Unitate Bateratuaren (UCICCI) sorrera; honek pazienteei estatuko eta nazioarteko saiakuntza klinikoetan parte hartzeko aukera ematen die. Azterketa horietan parte hartzeak aukera ematen du tratamendu berritzaileenak eskuratzeko eta haurren minbiziaren ikerketan aurrera egiten laguntzeko.
Ospitaleratzeak murriztea eta tratamenduak hobetzea
Bestalde, ospitaleratzeak murrizteko neurriak ezarri dira, Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalean ematen diren iraupen laburreko kimioterapien tratamendu-protokoloak egokituz. Gainera, infekzio prozesuetan alta goiztiarra ematea sustatu da, jarraipen anbulatorio zorrotza eta telefono bidezkoa eginez.
Erradioterapiaren esparruan, protoiterapiak hobekuntza nabarmena dakar; izan ere, tratamendua areago doitzen du, eta ehun osasuntsuen erradiazioarekiko esposizioa murrizten du. Laster, tratamendu hau Gipuzkoan egongo da eskuragarri, eta pazienteek ez dute EAEtik kanpora joan beharrik izango.
Nerabeentzako arreta espezifikoa eta laguntzaren humanizazioa
Gero eta haur eta nerabe gehiago tratatzen dira Donostialdeko ESIko Onkologia Pediatrikoko Unitatean, dituzten tumoreek hobeto erantzuten baitiete protokolo pediatrikoei. Aldi berean, asistentzia humanizatzeko lanean ari gara, azpiegiturak eta ospitale-espazioen dekorazioa hobetuz, egonaldia atseginagoa izan dadin. Horretarako, gimnasio bat gaitu da unitatearen barruan; hala, tratamenduaren parte gisa eta albo-ondorioak prebenitzeko, ariketa fisikoa sustatuko da.
Bestalde, pazienteen hezkuntza jarraitua ere bermatuta dago, Hezkuntza Saileko irakasle-talde batek ospitalean eta etxean ematen baitizkiete eskolak.
Azkenik, azken hamarkadetan aurrerapenak egin dira biziraupenari dagokionez, eta minbizi pediatrikoa gainditu dutenen arreta hobetzen ari da, helduaroan jarraipen egokia ziurtatuz.
