Pandemia baten erdian 60 urte betetzen

2020 ezohiko honetan, gure ospitale maiteak 60 urte bete ditu. Duela urtebete inork ez zuen pentsatuko urteurren hau maskaraz, NBEz, arnasgailuz eta abarrez inguratuta ospatuko genuenik, baina horixe da egoera. Zorionez, ospitale zaharrak pandemia honen astinaldiei eutsi die eta oraindik ere eusten die, altxor handi bat duelako bere barruan. Milaka pertsonaz osatutako altxorra da. Pertsona horiek egunero ari dira gure gizartearen osasuna hobetzeko ahaleginean. Horiek guztiak gabe eraikin hutsa, arimarik gabekoa izango litzateke gure ospitalea. Urteurren honetan ezin dugu ahaztu gure ospitale zaharrak 60 urte betetzeko zortea izan duela, lehen mailako arreta bikain eta sasoiko batekin batera bete ere. Horri esker, bizitasun handiagoz egiten du distira, eta modu eredugarrian eta harrotasunez eskaintzen du bere onena. Horrela, elkarrekin, Donostialdea ESI bihurtuta, aurre egin diogu gure bizitzen historian betiko grabatuta geldituko den pandemiari. Lanari azkena ematea baino ez zaigu gelditzen. Ekin diezaiogun!

Urteurren honetako ospakizunekin amaitzeko, gure erakundearen espiritua eta kultura gorpuzten duten bi pertsonaren testigantza eskaini nahi dizuegu. Carmen eta Angelek euren bizitza gure ospitalean nolakoa izan den kontatu digute.

 

Carmen Rodriguez, Donostialdea ESIko Erizaintzako zuzendaria: “Garrantzitsuena inplikatutako profesionalak izatea da, eta ziurtatu dezaket Donostialdea ESIan asko eta asko daudela”

Egun gutxi barru Carmen Rodriguezek gurekin lan egiteari utziko dio. Haren falta sumatuko dugu, baina haren oroitzapenak beti lagunduko gaitu, Carmen nekez ahazten den pertsona horietako bat baita, bai lanean duen profesionaltasunagatik, bai bere izaera libre eta dibertigarriagatik. 70eko hamarkadan “Erresidentzian” hasi zenetik, gure erakundearen aldaketa nagusien lekuko eta protagonista izan da Carmen, eta etengabe lan egin du osasungintzaren barruan hain garrantzitsua den erizaintzaren balioa nabarmentzen eta estamentu hori aldarrikatzen. Bere karrera ospitalearekin batera garatu da, baina urte dezente eman ditu lehen mailako arretako kideekin eskuz esku lanean, eta lagun asko utzi ditu bertan. Lerro hauetan, Carmenek bere ibilbide profesionalaren alderdi nagusiak errepasatu ditu. Gure erakundearen azken urteotako bizitza eta bilakaera ulertzeko funtsezko testigantza da berea. Eskerrik asko, Carmen, zure dedikazio eta ahalegin guztiengatik. Zure falta nabarituko dugu.

 

Dagoeneko 60 urte pasatu dira Ospitalea martxan jarri zenetik. Nolakoa izan zen hasiera hura?

Nik 1975eko abuztutik aurrerakoaz hitz egin dezaket; izan ere, orduantxe hasi nintzen lanean Ospitale honen eraikinetako batean. Garai hartan Aldundiarena zen Gasteizko Santiago Ospitalean jasoa nuen prestakuntza, eta Insalud-ena zen “Erresidentzia”ra etorri nintzen lanera, zeinak ordura arte irakatsi zidatenaren oso bestelako kultura zuen.

Ez nuen inortxo ere ezagutzen, eta lehen egunetik Traumatologiako 40 pazienteko unitate baten ardura hartu behar izan nuen. Han ezagutu nuen erizain, erizain laguntzaile eta mediku taldeak izugarri lagundu zidan: lasaitu egin ninduten, harrera egin zidaten eta pazienteak zaintzeko teorian nekiena praktikan jartzen irakatsi zidaten. Eta hori beti eskertu dut.

“Erresidentzia” –hala deitzen zitzaion gaur egun Arantzazu eraikina denari– errendimendu betean zegoen, izen handiko profesionalak zituen eta orduko teknika eta prozeduretan oso aurreratu zegoen.

Uste dut garai hartan lanean geunden profesionalek maitasunez oroitzen ditugula urte haiek; denok ezagutzen genuen elkar, familia bat bezalakoak ginen, gertutasun eta adiskidetasun handia genuen elkarren artean. Lehengo Ospitaleko, Amara Ospitaleko eta Ospitale Psikiatrikoko lankide askorekin hastapenei buruz hitz egiteko aukera izan dudanean, denok bat etorri gara deskribatu ditudan sentimendu horiekin.

 

Urte haietan, ospitaleak zituen giza baliabideak eta baliabide materialak ez ziren oraingoak. Nola egiten zen lan orduan, eta zer baliabide genituen?

Hala da; 45 urte pasatu dira ni sartu nintzenetik, eta baliabide materialak izugarri aldatu dira. Gaur egungo tresneria punta-puntakoa da, sistema analogikotik digitalera igaro gara, informatika maila guztietan hedatu da, bai kritikoen unitateetan, bai eremu mediko-kirurgikoetan, bai ospitaleratutako pazienteen zainketarekin https://www.cialispascherfr24.com/cialis-pas-cher-france/ zerikusia duen guztian. Gure materialak erabili eta botatzekoak dira asko eta asko eta, gainera, bio-segurtasuneko neurriak betetzen dituztenak, merkatuan halako neurririk dagoenean.

 

Baina garrantzitsuena pertsonak dira, eta, lehen zein orain, pazienteen zaintzan onena emateko konpromisoa duten profesionalak daude. Egia da, bestalde, gaur egun arlo sanitarioko lanpostu bat betetzeko aurrez eskatzen den prestakuntzak arreta profesionalizatu duela, eta, hain zuzen ere, horretan antzematen da, nire ustez, aldaketarik handiena.

 

Ospitaleak 60 urte hauetan izan duen bilakaeraren prozesua geldoa izan da, eta prozesu horretan erakunde hau errotik aldatu da. Zein izan dira aldaketa nagusiak?

Arkitektura aldetik aldaketa asko gertatu dira. Arantzazu eraikinari Ama-haurrentzako Ospitalearen sorrera gehitu zitzaion. Aldaketa erradikala Donostia Unibertsitate Ospitalea sortzean gertatu zen, Arantzazu Ospitalea, Gipuzkoa Ospitalea, Amara Ospitalea, Ama-haurrentzako Ospitalea eta Ospitale Psikiatrikoa elkartu eta elkarrekin komunikatzean.

Gainera, urte hauetan berritu egin dira bloke kirurgikoak, kritikoen unitateak eta ospitaleratze unitate ia guztiak.

Zerbitzu berriak ere sortu dira; esate baterako, Erradiologia Interbentzionista eta Hemodinamika. Bestalde, unitate diagnostikoak indartu egin dira, teknologia eta profesional berriekin.

Aldaketa gehiago ere gertatu dira, baina esanguratsuenak aipatzen saiatu naiz.

 

Gaur egun ospitalea osotasun bat bezala ulertzen dugu, hainbat eraikinek –bakoitza bere zerbitzu-eskaintzarekin– integratzen dutena, zeinaren sinergiak onuragarriak diren guztiontzat. Azalduko zenieke gazteenei nolako bilakaera izan dugun antolaketa aldetik bereizirik zeuden eraikinak izatetik erabat integratutako ospitale bat izateraino?

Bai. Osakidetza 86an sortu zen arte, Donostia Unibertsitate Ospitalearen jatorriko hiru ospitaleak administrazio desberdinen mendekoak ziren, eta kultura eta funtzionamendu oso desberdinak zituzten. Bat egiteko prozesua Zorroaga Plana deiturikoaren hurbilketekin hasi zen. Bateratzea prozesu konplexua izan zen: hainbat estilo, lider, zerbitzu eta lan-baldintza, (batzuetan oso desberdinak) elkartu behar izan ziren, eta 3 eraikinen artean zubiak eraiki (baita fisikoak ere).

 

2015ean ospitale honen une gogoangarrienetako bat bizi izan genuen, lehen mailako arreta eta arreta espezializatua integratu eta Donostialdea ESIa sortu zenean. Zer ekarri du integrazio horrek?

Beste agertoki batean jarri gaitu, non pazientea sistemaren erdigunean dagoen, eta bertan sistemako profesional guztiek modu koordinatuan lan egin behar dugu prozesu asistentzial guztietan.

Egitura amankomun bat sortuz, koordinazio faltari irtenbidea eman nahi zitzaion; eta prozesu asistentzialak integratuz, osasun-emaitzak hobetzea bilatzen zen.

Hala, egituretan aldaketak egin behar izan genituen, lan egiteko kultura berriak sortu, profesionalen arteko harreman desberdinak ezarri, espazio, helburu eta estrategiak partekatu; azken finean, bidea elkarrekin egin, helburu berberak izanik.

Uste dut oraindik asko dugula egiteko, baina ni harro nago hartutako bideaz eta daramagun ibilbideaz.

 

Hasieran, aldaketa hori errezeloz bizi izan zen profesionalen artean. Gaur egun, nolakoa da lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko harreman hori?

Bai, nolabaiteko errezeloa izan zen, mesfidantza agian; denok lasai geunden gure erosotasun-eremuan, eta ez genekien zer zen integrazioa. Horrelako aldaketa sakonak beti dira konplexuak, eta logikoa da zalantzak sortzea, baita erresistentzia batzuk ere. Urte hauetan bilakaera handia izan dugu ESI gisa: elkar ezagutzeak, prozesu bateratuek, elkarrekin lan egiteak, informazio klinikorako tresnak partekatzeak, zuzendaritza-talde bakar bat izateak eta abarrek leundu egin dituzte hasierako sentiberatasunak. Orain, nire ustez, denok dugu geure burua “talde bereko” partaidetzat.

 

Herritarrak arretaren integrazioaren dimentsioaz erabat jabetu ez badira ere, aldaketa handi eta onuragarriak izan dituzte. Esango zeniguke zein diren garrantzitsuenak?

Informazio asistentzialari dagokionez, aldaketa handia izan da, zalantzarik gabe, historia kliniko informatizatua izatea eta informazio bera erabiltzea ospitalean eta osasun-zentroetan.

Horrek esan nahi du bi ingurune horiek partekatu egiten dutela informazio guztia, irudi-probak, analisiak eta beste proba osagarri batzuk barne.

Gainera, garrantzitsua da preskripzio-modulu bera partekatzea, bai eta interkontsulta ez-presentzialak, zirkuitu asistentzial azkarrak, Minbizi proiektuen bidezko minbiziaren diagnostiko azkarrak eta beste diseinu asistentzial batzuk ere, zeinak herritarren arretan –non erreferenteak garen– hobekuntza dakarten.

 

Zein dira gure erakundearen proiektu nagusiak?

Une honetan, erakundea COVID pazienteei arreta ematen eta pandemiaren ondoriozko osasun-premia guztiak kontrolatzen ari da.

Baina erakundeak aurrera jarrai dezan ere lan egiten dugu, baita COVID patologiarik ez duten beste paziente batzuen beharrei erantzun ahal izateko ere.

Horregatik, hurrengo urteetarako estrategia zehazten ari gara.

  • Espazio, azpiegitura eta ekipamenduen egokitze eta modernizazioarekin jarraituz, laster irekiko da Aieteko osasun-zentro berria; bestalde, ospitalean kontsultetarako gune batzuk egokitu dira eta COVIDaren arretarako Kontingentzia-eremua berritu da.

–     Onkologikoarekiko lotura-hitzarmena.

–   Erizaintzako plano espezifikoago batean ere martxan ditugu hainbat erronka eta proiektu:

    • BPSO. Ebidentzian oinarritutako praktika egokiak ezartzeko estrategia bat da. Programa horretan, “Zainketen bikaintasunarekin konprometitutako zentro” gisa akreditatu gara eta horretan dihardugu, eta berriz akreditatzeko lanean jarraitzen dugu.
    • Erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak agindu, erabili eta emateko baimenaren prozesua abian jartzea.
    • Erizaintza espezializatuko prestakuntza sendotu eta zabaltzea, BAEE.
    • Balio erantsiko erizaintzako kontsulta-eredu berriak sortzea eta finkatzea, prozesuen erreferentziazko erizainen sistemak zabaltzea, urrutiko kontsulta telematikoak egitea (sendaketak, ostomiak, etab.).
    • Oheko bertako informatika, tabletak.
    • Pazientearen segurtasunarekin zerikusia duten alderdi guztien jarraipena eta hobekuntza.
    • Arlo espezifikoetarako profesionalen gaikuntza.
    • ESIaren BBB eta desfibrilazio planarekin aurrera jarraitzea.
    • Karteldegiei buruzko kontuak automatizatzea, Planigune izeneko programa baten bidez.
    • Pediatrian, INBERBAC-neo programa.
    • Kritikoen unitateetan, zero programak (zero pneumonia, bakteriemia, flebitis…).

 

Ospitale bat kudeatzeko hainbat erronkari aurre egin behar zaie; besteak beste, pazientearen segurtasuna, kronikotasuna, gobernantza eta lidergoa, profesionalek eta herritarrek ospitalearen kudeaketan parte hartzea, teknologia berriak, efizientziaren hobekuntza, diseinua eta funtzionaltasuna… Nola egiten da hori?

Ez dago horretarako eskulibururik. Garrantzitsuena inplikatutako profesionalak izatea da, eta ziurtatu dezaket Donostialdea ESIan asko eta asko daudela. Era berean, garrantzitsua da ilusioa, konpromisoa, lidergoa eta adiskidetasuna izatea; diziplina anitzeko taldeetan lan egitea, zintzotasunez eta errespetuz. Hori guztion artean egin behar dugu, eta garrantzitsua da kudeaketan gauden pertsona guztiok balio horiek transmititzen saiatzea. Erronka asko ditugu aurretik.

Munduko osasun-zerbitzurik onenetako bat dugu. Jabetzen al gara horretaz, eta, batez ere, gizarte gisa, jabetzen al gara zein zaila den gurea bezalako erakunde bati martxan eustea, milaka profesional, ospitaleratze eta kontsultarekin?

Zalantzarik gabe, munduko osasun-zerbitzurik onenetako bat daukagu, eta hobetzeko gauza asko ditugula ere uste dut.

Baina azpimarratu nahi nuke guztion artean zaindu behar dugula, arduraz erabiliz eta baloratuz. Batzuetan, egoera zailetan gure osasun-sistemak beste erkidego batzuen aldean ematen digun erantzuna ikusten dugunean, orduan konturatzen gara zer daukagun.

Seguruenik erronka bat izango da gizartea guztion artean eraikitzen dugun sistemaren balioaz jabetzea.

Duela urtebete –ospitale honek 60 urte bete zituenean, hain justu– Txinan birus berri bat agertu zela jakin genuen. Zer pentsatu zenuen une hartan?

Hasiera batean, inork ez genuen sinetsi iritsiko zitzaigunik, ezta halako irismena izango zuenik ere. Baina berehala, Infekziosoen zerbitzuko lankideek ohartarazi ziguten hau kontu serioa zela. Egun gutxiren buruan, Ospitaleko Kontingentzia Plana prestatzen hasi ginen, garaia iritsitakoan hartu beharreko balizko neurriak prestatzen, eta berehala Pandemian sartu ginen.

Zein izan dira Donostialdeko ESIa berrantolatzeko jarduera nagusiak pandemiari aurre egiteko? Donostialdea ESIko erizaintzako zuzendari gisa, zer erronkari egin behar izan diezu aurre aurten?

Medikuntzako eta Integrazioko zuzendaritzekin batera, Kontingentzia Plana egitea, bai ospitaleko arretarako, bai lehen mailako arretarako. Ospitalearen barruan, ospitaleratze-unitate guztiak berrantolatzea, COVID pazienteen eta COVID ez direnen zainketak bereizi ahal izateko. Gauza bera kritikoen unitateetan. Egin beharreko ebakuntzak mugatzeko dispositibo kirurgikoak berrantolatzea. Osasun-zentroetako arreta-zirkuituak berrantolatzea. Langileak unitate desberdinetan birbanatzea, COVID eta COVID ez diren pazienteekiko une bakoitzeko lan-kargaren arabera. Protokolo berri guztien informazioa kudeatzea, haien komunikazioa kudeatzea eta unitate eta zerbitzuetan ezartzea. Ziurgabetasuna kudeatzen laguntzea. Norbera babesteko ekipamenduaren erabilerari buruzko prestakuntza bultzatzea. Behar psikologikoak dituztenei laguntzeko taldearen sorrera bultzatzea. Eta, nire aukeren barruan, erakundeko profesional guztien eskaerak betetzen laguntzea.

 

Profesionalen erantzuna funtsezkoa izan da birus honen aurkako borrokan…

Birusaren aurkako borrokan, profesionalak izan dira oinarrietako bat. Ahaleginerako eta konpromisorako gaitasun nabarmena izan dute, eta horrek aurrera egiteko aukera eman digu. Tsunamiak harrapatu gintuen eta ez genekien ezer pandemiaz. Denoi beldurra sartu zitzaigun. Eta, batez ere, lehen lerroan zeuden profesionalei. Denek zituzten familiak, haurrak, adineko pertsonak… eta haiek kutsatzeko beldur ziren; baina hemen zeuden, zereginean tinko. Beren beldurrak eta ziurgabetasunak kudeatuz, baina pazienteak zainduz. Nekatuta, bai psikologikoki bai fisikoki, baina pazienteak zaintzen jarraitzen zuten eta jarraitzen dute, konpromisoz eta profesionaltasunez. Profesional guztiak (sukaldekoak, zerbitzuetako langileak, garbiketakoak, zeladoreak, mantentze-lanetakok, teknikariak, erizainak, medikuak, emaginak, fisioterapeutak, arlo ekonomikokoak, pertsonalekoak, administrariak, komunikaziokoak) egiten ari diren lana eskertu eta aitortu besterik ezin dut egin. Guztiok izan gara diziplina anitzeko talde bat, eta denon artean egingo diogu aurre birusari.

 

Maila pertsonalean, zeintzuk izan dira unerik zailenak pandemia honetan?

Une zail asko izan dira, eta oraindik ere badira.

Hainbat une azalduko ditut:

  • Lehen langilearen kutsatzeak zirrara eragin zuen erakundean, otsailaren amaiera aldera.
  • Horren ondoren, birusa bazetorkigula jabetu ginen, gure osasun-egitura guztia egokitu behar genuela COVID pazienteak jasotzen hasteko. Egun haietan egin genituen unitateen eta zerbitzuen aldaketa guztiak eta beharrezko babes-material guztiak kudeatu genituen. Une biziak, gogorrak, kezkagarriak eta ziurgabetasun handikoak izan ziren, pandemiaren hasiera hark izan zezakeen tamainaren kontrolik gabekoak. Lan handiko hilabeteak izan ziren, ekainean arintze-fasea –erraza izan ez zena– hasi arte. Eta fase horren antolaketa oraindik amaitzeke geundela, bigarren olatu baten zantzuak agertu ziren.
  • Uztailaren erdialdean hasi zen positiboen gorakada Erkidegoan, eta, une horretatik aurrera, gora egin zuen intzidentziak. Lehen Mailako Arretako eta Zaintza Epidemiologikoko profesionalek gogor lan egin zuten, kutsatze komunitarioa kontrolatzen saiatu ziren, baina ez zen posible izan.
  • Irailean berriro aktibatu behar izan genuen Kontingentzia Plana ospitalean, COVID pazienteak artatu ahal izateko unitateen zati bat berrantolatuz, bai eta kritikoen zerbitzuak ere.

Gaur egun, birusak aktibo jarraitzen du, eta gure Kritikoen Unitateak COVID paziente asko ditu. Beraz, hau ez da amaitu, honek jarraitu egiten du, eta eguneroko kudeaketan une zailak daude oraindik.

 

Eta unerik onenak?

Pazienteen lehenengo altak, bai ospitaleratze-unitateetakoak, bai kritikoen unitateetakoak.
Lehen mailako arretako eta Ospitaleko kontsultetan diagnostiko-testak modu egituratuan ezartzea.

Birusaren aurrean jarduteko protokoloak edukitzeko aukera.

Ikasitakoak unitate eta zerbitzu guztiekin partekatzea, olatu berriei aurre egiteko gure gaitasuna hobetu ahal izateko.

 

Zure ustez, nolakoa izango da gure erakundea beste 60 urte barru?

Profesional handiek hartuko digute erreleboa, eta haiek erakunde indartsu eta profesional bat garatzen jarraituko dute, teknologia berrituak izango dituena, baina humanoa ere izango dena. Ziur ebidentzia zientifikoan eta ezagutzaren kudeaketan oinarrituko dela, eta profesionalen prestakuntzak leku garrantzitsua izango duela. Ikerketa erakundearen indargune bat izango da, ziur.

 

Aukera aprobetxatu nahiko zenuke Donostialdea ESIko profesionalei zuzentzeko?

Bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuet Donostialdea ESIan konpromisoz eta profesionaltasunez egiten ari zareten lana. Une zailak dira bizitzea egokitu zaizkigun hauek, eta taldean eta guztion artean indarrak batuz baino ezin dira gainditu. Eskerrak ematen dizkizuet beti eman didazuen laguntzagatik, eta espero dut zuen itxaropenei neurri batean behintzat erantzun izana.

Zuekin partekatu nahi dut nire lan-bizitzaren amaierako etapa. Osakidetzan bidelagun izateari utziko diot, baina bizitzaren bidean elkar aurkitzen jarraituko dugu.

Besarkada bat, eta zorionak eta urte berri on!

 

 

Angel Gómez, erizaina: «Ospitalean, ingurune sanitarioan oro har, emozio pilo bat dago»

Angel Gómez erizaina da Lasarte osasun zentroan. Osakidetzan 1983an hasi zen lanean, eta ospitaleko zenbait zerbitzutan aritu zen 2003. urtera arte. Integrazio sanitarioaren lekukoa izan da lehen mailako arretan zegoela. Zirraraz eta maitasunez kontatu digu bere bizitza eta lana nolakoak izan diren.

 

 

Noiz hasi zinen lanean Donostiako Unibertsitate Ospitalean?

1983an, Amarako Toraxeko Ospitalean. Arantzazun, 1987an.

 

Zer gogoratzen duzu garai hartatik?

Lehenik, ni oso gaztea nintzela, eta egon nintzen zerbitzu guztietan, egun edo gau bakoitzean, lan handia zegoela. Paziente asko eta profesional gutxi. Gogoan dut 38 paziente edukitzea eta bi profesional izatea (erizaina eta laguntzailea).

 

Zure ustez, zer aldatu da ospitalean urte hauetan guztietan?

Plantillak gaur egun handiagoak direla uste dut. Egonaldien iraupena oso garrantzitsua izan da. Filosofia oso bestelakoa da: ospitalea zer den eta zer izan behar duen.

Garapen informatikoaren eragina oso handia izan da, baliteke giza harremanean eragin izana, baina ez daukat oso argi. Segurtasun Klinikoan eta ekintza bakoitzaren eraginkortasunean bai, horretan eragin erabakigarria izan du.

 

Badago maitasunez gogoratzen duzun unerik urte horietatik guztietatik?

Ospitalean, ingurune sanitarioan oro har, emozio pilo bat dago. Era guztietakoak. Batzuk atseginez eta oroiminez gogoratzen dituzu, mingarriak dira beste batzuk. Denak dira biziak eta egiazkoak.

Lankideekin bizi izandako uneak ditut gogoan; horiek askoz urte gehiago lotu gintuzten, elkarrekin lan egiteari utzi ondoren ere.

Oso bereziki gogoratzen dut urte batzuetan nire arreba Mari Carmenekin lan egin izana –erretiroa hartzea du orain buruan–, bai eta, Susana emaztea ezagutu, eta harekin batera lan egin izana ere.

Inozenteen Kluba ere ez dut ahaztuko: Ginekologian, 1980ko amaieratik oraindik hor jarraitzen du.

Urte hauetan guztietan pertsona askok helarazi didate nire lanak zentzurik bazuela, baduela. Erizaina izatea. Urte asko pasatuta ere, LMAn norbaitek gogorarazten dit (eta gogoratzen dut) ospitaleko nire etapa ez dela beti gozoa izan, askotan galera handi bati lotuta baitago. Baina guztiek dute garrantzi bera. Eta ezinbestekoak dira.

 

Ospitalean gertaera garrantzitsu bat izan zen lehen mailako arretak eta espezializatuak bat egin zutenean. Nola gogoratzen duzu?

Lehen Mailako Arretan bizi dut, bizi izan nuen.

Oso ilusio handikoa, zailtasunekin. Oraindik abian dago, eta oso garrantzitsua da. Bidea eta helmuga da.

 

Zer ekarri du COVIDak zure lanari dagokionez?

Oso eragin handia izaten ari da garai honetan; aurretik beste ezerk ez bezala aldatu du guztia, eta maila guztietan.

Oso eskakizun eta betebehar handia da guztiontzat. Eremu guztietan.

 

Zein da ospitalean emandako denboraren balantzea? Berriz egingo zenuke?

Bai. Zalantzarik gabe. Nahiz eta batzuetan zaila eta neketsua izan den lanbide- eta bizitza-esperientzia modura. Askotariko gizakiak eta egoerak daude han, beste inon ez adina, nire ustez. Gomendatzen dut.