Txemi Carrete mantentze-lanetako arotzak ospitalean egiten duen lanari buruzko marrazki umoretsuz osatutako liburu bat argitaratu du

Txemi Carrete gure ospitaleko mantentze lanetako langile bat da. Arantzazu eraikinaren mendebaldeko hegalean aritzen da lanean, eta edonoiz ikus dezakegu korridorean bere orgatxoarekin ateak edo leihoak konpontzen. Baina gutako askok ez genuen ezagutzen arotz honek liburu bat argitaratzera eraman duen zaletasun bitxi bat zuenik.

Txemik kontatu digu marraztea gustatzen zaiola, eta askotan karikaturak eta marrazkiak egiten dituela gorabeheren parteetan: “Parteak DIN A4 formatuko orri zurietan entregatzen dira; parte batean akatsak egiten dira, tresnak gaizki izendatzen dira edo despiste ortografikoak egoten dira, eta ni akats horiei punta ateratzen saiatzen naiz”. Orduan hegaldatzen zaio irudimena, eta berak marrazki batean itxuratzen du gorabeheren partean.

Asko dira maltzurkeria txikiekin irribarre eginarazteko marrazki barregarri eta dibertigarriekin Txemik apaindu dituen parteak. “Beti egiten ditut marrazkiak, altzariak diseinatzeko edo konpondu beharreko guneak kokatzeko, eta, marraztea gustatzen zaidanez, batzuetan karikaturaren bat edo beste zerbait egiten dut”.

Duela urte batzuk, Txemiren lankide bat, Karmele, haren marrazkiak gordetzen hasi zen. “2008tik marrazten ari naiz, baina urte hori eta 2011 artean egindakoak galdu egin ditut. Egun batean nire lankide Karmelek esan zidan marrazki mordoa zeuzkala gordeta. Orduan bururatu zitzaidan marrazkiak bildu, artxibatu eta liburu batean argitaratzea. Egin ditudan marrazki guztietatik kalitate onenekoak eta interesgarrienak aukeratu ditut “.

Liburuaren izenburua bera asmo-azalpen bat da: “Te parte”. Egoera barregarriak eta dibertigarriak biziko ditugu 90 orrialdetan. Baina ez da hori bakarrik. Liburua gure ospitaleko bizitzaren zati bat ere bada, gure erakundearen barne-historiarena, eta Txemi maitasunez eta alaitasunez hurbiltzen da bertara. “Gurea ere baden enpresa honen kalitatea hobetzeko hainbeste lan egiten dugunoi irribarre txiki bat eginarazi besterik ez dut nahi”.

Txemik eskerrak eman nahi dizkie “mantentze-lanetako eta ospitaleko unitate eta kategoria desberdinetako kide guztiei, familiari eta lagunei, haien laguntzarekin proiektu hau hain epe laburrean aurrera ateratzea ahalbidetu dutelako”. Eta guk eskerrak eman nahi dizkiogu berari, irribarre eginarazten saiatzeagatik.

Mila esker Txemi.

Hemen irakurri dezakezu liburua