Joseba Landa, Donostialdea ESIko Ama-haurren Ospitaleko Kudeaketa Klinikoko unitateburua: “Arazo bat izango dugu; izan ere, ikasturte hasieran agertu ohi diren arnas birus guztiak pandemiaren bigarren olatu honekin elkartuko dira”

Aste honetan bertan hasi da ikasturtea. Haurrak bigarren olatuan murgildurik itzuli dira ikasgeletara. Gainera, udazkenaren atarian gaude, eta beste birus batzuk agertu daitezke; adibidez, bronkiolitisa edo gripea eragiten dutenak. Ziurgabetasunez beteriko egoera honen aurrean, Joseba Landak, Donostialdea ESIko Ama-haurren Ospitaleko Kudeaketa Klinikoko unitateburuak, haurren asistentziaren eta arretaren antolaketarekin lotutako zenbait kontu argitu dizkigu

 

Ikasturte berri baten atarian gaude eta COVID-19aren bigarren olatu batean murgilduta. Nolakoak izango dira datozen asteak Donostialdea ESIko Pediatriako Zerbitzuan?

Arazo bat izango dugu; izan ere, ikasturte hasieran agertu ohi diren arnas birus guztiak pandemiaren oraingo bigarren olatu honekin elkartuko dira. Beraz, ziurrenik, koronabirusarekin lotu daitezkeen baina jatorria beste birus batzuetan izan dezaketen arnas patologiak eta sukar-sindromeak dituzten paziente gehiago etorriko zaizkigu, eta horrek esan nahi du arreta-eskatzaileen kopuruak gora egingo duela, bai lehen mailako arretan, bai ospitalean.

 

Nola prestatu zarete azaldu diguzun egoera horri aurre egiteko?

Alde batetik, koronabiruserako ezarri genituen neurriak dauzkagu, hala nola zirkuitu bereiziak, NBE egokien erabilera eta abar. Bestalde, pazienteak maneiatzeko moduari, zirkuituak ezartzeko moduari eta abarri buruzko prestakuntza areagotu dugu langile guztientzat. Azpimarratu nahi dut Larrialdietako taldeak lan handia egin duela ildo horretan, eta horrek unitateko arretaren kalitatea eta segurtasuna hobetu dituela. Baina, agian, garrantzitsuena da neurri osagarriak aurreikusi ditugula eskariaren hazkundeari aurre egin ahal izateko. Hala, kanpo-kontsulta guztiak itxarongela gisa erabili ahal izatea erabaki dugu, uste baitugu pazienteek, artatuak izateko, itxaronaldi luzeagoak egin beharko dituztela.

 

Lehen esan duzun bezala, koronabirusarekin batera udazken-neguko beste gaixotasun biriko batzuk agertuko dira, hala nola bronkiolitisa edo gripea. Zer aholkatzen diezu gurasoei larrialdiak kolapsatu ez daitezen?

Beti bezala, edozein sintoma izanez gero, lehen mailako arretako medikuarekin harremanetan jarri eta ohiko moduan jokatzeko; alegia, egoera orokorra baloratzeko, antitermikoak erabiltzeko eta abar. Hau da, ez etortzeko ospitalera korrika, baizik eta pazientearen egoera klinikoa pixka bat baloratzeko. Jakina, larritasun-zeinurik edo sintoma garrantzitsurik badago, etorri egin behar da.

 

Talde txikietan biltzea, maskara erabiltzea, eskuak garbitzea eta ikasgelak aireztatzea garrantzitsuak dira ikasgeletara segurtasun-baldintzetan itzultzeko.

Koronabirusaren epidemiaren aurrean zalantza ugari ditugu maila guztietan. Arau horiek garrantzitsuak dira –hala adierazi dute prebentzio-neurrietako espezialistek– koronabirusaren eragina minimizatzeko. Horiek dira dauden arauak, eta ez dirudi besterik badagoenik, azken urratsa litzatekeen konfinamendu berria salbu. Gainera, talde txikietan biltzean, errazago kontrola daitezke taldeak. Pediatrian arazoak ditugu neurri horiek aplikatzeko; izan ere, umeek nekez uler dezakete maskara jantzi behar dutela.

 

Haurrak ez dira, inola ere, eskolara eraman behar eztula edo sukarra badute eta, are gutxiago, parazetamol edo ibuprofeno dosi bat eman eta ikastolara bidali.

Baina hori lehen ere hala zen, nire ustez. Eskolara sukarrarekin doan edozein haur birus guztiak barreiatzen ari da. Kontuan izan behar da arnasketa-prozesu bat duen haur batek oso erraz pasatuko dizkiela birusak besteei, haurrak, definizioz, sozialak direlako eta besteekin jolastu nahi dutelako, eta besteekin harremanetan jarri nahi dutelako eta ez dutelako ulertzen ezin dutela beste haur bat ukitu. Horregatik, gurasoek ikusten badute haurrak sukar-koadro bat duela, beren seme-alaba beste haur batzuekin harremanetan jartzea saihestu behar dute. Ulertzen dut hori gurasoen lan-jardunarekin bateratu behar dela; horretarako zenbait arazo sozial dagoela, eta horregatik jokatzen dela jokatzen den moduan, baina, nire ustez, horrelako jokabideak saihestu behar dira.

 

Zein dira koronabirusaren sintomarik arruntenak haurren kasuan?

Printzipioz, deskribatu diren kasu bakanen arabera, sukarra, eztula eta abar dituzten helduen antzeko koadroak dituzte. Hasieran arnas koadro bat agertzen dela ikus dezakegu, gripe- eta katarro-prozesuekin batera, sukarrarekin eta arnasa hartzeko zailtasunarekin. Halaber, loturaren bat ezarri izan da larruazaleko lesioren batekin, beherakoarekin eta gastroenteritisarekin ere. Bigarren fase batean, paziente aurreratuagoetan, shock toxikoa eta Kawasakiren sindromea bezalako konplikazioak ikus daitezke…

 

Oker ez banago, apirilean Kawasakiren sindromearekin lotu zen koronabirusa

Ez dugu kasu gehiagoren berririk izan. Koronabirusak Kawasakiren gaixotasunaren antzeko erreakzioa du; eta, beste batzuetan, shock toxikoaren antzeko erantzun inflamatoriodun sindromea agertzen da.

 

Zer egin dezaket nire seme-alabak koronabirusa duela susmatzen badut?

Ohiko familia-medikuarekin harremanetan jarri behar da; hark erabakiko du PCR proba bat egitea komeni den. Bestalde, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak elkarbizitzaren inguruan diseinatutako protokoloak jarraitu behar dira, umearen PCRaren emaitzak jakin arte etxean geratuz, eta osasun-aztarnariek esandakoaren arabera jokatu behar da.

 

Une jakin batean kutsatutako haur batekin egon garen helduok geure burua babestu eta modu bereziren batean jokatu behar dugu?

Etxeko isolamenduaren ohiko neurriak aplikatu behar dira, eta maskara erabiltzeko, eskuak garbitzeko eta distantzia soziala gordetzeko arauak zorrotz aplikatu behar dira. Gainera, ikerketa berri batzuen arabera, kontrakoa uste bazen ere, haurrek oso gutxi transmititzen diete birusa helduei. Kasu gehienetan, haurrek adinekoengandik jasotzen dute birusa; Katalunian egin berri diren bi lanek agerian uzten dute batez ere gurasoengandik seme-alabengana transmititzen dela.

 

Haur batzuek infekzio bat izateko arrisku handiagoa dute?

Patologia kronikoak dituztenek, kardiopatiak dituztenek eta immunogutxituek… arrisku handiagoa izan dezakete haurren kasuan ere. Kasu horietan kontrol-neurri zorrotzagoak hartu behar dira. Baina, gainerakoan, ez dago infekzio-arrisku handiagorik. Ikusi dena alderantzizkoa da; hau da, koronabirusa izan duten haur gehienek helduek baino koadro arinagoak izan dituzte. Badirudi babes-faktoreren bat egon litekeela, baina hori oraindik ez dago frogatuta.

 

Zer gertatzen da asma duten haurrekin?

Printzipioz, ez da ikusi haur horien artean koronabirusa larriagoa denik edo eragin handiagoa duenik. Egia da beste patologia kroniko edo konplexuago batzuekin larriagoa dela, baina haur asmatikoen kasuan ez.

 

Nola bizi izan dituzue Pediatrian pandemiako asterik zailenak?

Espainia osoan ezagutzen ditugun ospitale guztietan nabarmen jaitsi da haurren kopurua. Hori horrela izan da, lehenik eta behin, eskola-jarduera eten egin zelako; hala, birusek ez zuten zirkulatzen eta, ondorioz, ez zegoen patologiarik. Gainera, gurasoak beldur ziren ospitalera joateko, beraiek eta beren seme alabak kutsatuko ote ziren. Umeak osasuntsuago egon dira eta gutxiagotan etorri dira. Bestalde, diagnostikoan ere ez dugu konplikaziorik edo atzerapenik ikusi ospitalera etorri ez izanagatik. Martxoan, apirilean eta maiatzean % 70 jaitsi zen larrialdietako arreta.

 

Koronabirusak funtsezko aldaketak ekarri al ditu pediatriaz dugun ikusmoldeari dagokionez?

Ez, medikuntzak berdin jarraitzen du. Lehengo prozedurari eusten diogu: historia kliniko bat egin behar da, miaketa bat. Aldaketarik garrantzitsuena haurrak baloratzerakoan hartzen diren prebentzio-neurrietan gertatu da. Hori bai, aldatu da. Haurrak nola ikusten ditugun, zer arropa jantzi behar dugun, haurrarekin kontakturik izanez gero hartu behar ditugun segurtasun-neurrien inguruko protokoloa. Beste aldaketa bat da, batez ere lehen hezkuntzan, kontsulta gehienak telefonoz egiten ari garela, eta, beraz, pazientearekiko zuzeneko harremana galtzen ari garela. Gaixoa ikusten baduzu, zer duen jakingo duzu, baina aita edo ama bakarrik entzuten baduzu telefonoz, informazio gutxiago izango duzu. Ikuspegi medikotik, pazientearen eta medikuaren arteko harreman zuzenak ematen duen plus hori galdu dugu.