Itzulbide, testu klinikoen itzultzaile automatiko neuronala sortzeko proiektua ESIan

Donostialdeko ESIko 40 lankide inguru Itzulbide itzultzaile automatikoaren egitasmoan lanean jo eta ke ari dira. Hainbat zerbitzutako erizain eta mediku elebidunak itzultzaile neuronalaren corpusa elikatzen ari dira, Osakidetzako beste lankiderekin batera. Izan ere, Sare neuronaletan oinarritutako itzulpen-sistemek, testu naturalaren corpus oso handia behar dute itzulpena hizkuntza batetik bestera bermearekin egiteko, eta egitasmoaren fase honetan dokumentu bilketa handia egin behar da.

Osakidetza, EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearekin lankidetzan garatzen ari den  testu klinikoen itzultzaile automatiko neuronalari bultzada bat ematen ari den taldeetako bat Hematologian sortutako da, beraien esperientziaren berri izateko hizketalditxo bat izan dugu Joxerra Furundarena atal buruarekin:

-Hematologiako zein kide ari zarete Itzulbide egitasmoan lanean?
Oraingoz ondorengoak ari gara lanean: Izaskun Zeberio, Alasne Uranga, Iñigo Olazabal, Amaia Zumalde, Amaia Aranberri eta ni neu.

-Nola izan zenuten egitasmoaren berri?
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak, Osakidetzak eta EHU-k elkarrekin antolatutako udako ikastaro batean ezagutu genituen IXA taldekoak Osakidetzarekin elkarlanean osasun arlorako euskarazko itzultzaile batekin lanean ari zirela. OSAGAIZ aldizkarian ere artikulu bat irakurri  genuen eta orain Donostia Unibertsitate Ospitaleko euskara zerbitzuaren bitartez Itzulbide proiektuan parte hartzeko aukera sortu da eta buru-belarri sartu gara.

-Nola ari zarete lana antolatzen? Bakoitzak berea? Talde lanean?
Zorionez hematologo askok euskaraz badakigunez, lehenik Itzulbide proiektuaren berri eman genuen zerbitzuan eta nahi izan duenak euskara zerbitzutik antolatu den ikastaro batean parte hartu du. Ondoren animatu ginenon artean gai kliniko garrantzitsuenen zerrenda txiki bat egin genuen eta gure artean banatu. Horrela bakoitza bere aldetik ari da lantzen aukeratutako gaiak.

-Zer espero duzue itzultzailea martxan jartzen denean?
Espero dugu bultzada handia izango dela eguneroko lanean euskara idatziz erabili nahi dugunontzat bai ebolutiboak egiterakoan, alta-txostenak, laborategiko txostenak, erradiologiakoak eta abar.
Oraindik ikusi beharko da ea zer moduzko emaitzak ematen dituen baina itzultzaile neuronalek erabilerarekin hobera egiten dute.