Donostia Unibertsitate Ospitalea Europako lehenengoetako bat izan da erradiokirurgia-teknika berri bat aplikatzen

Gure ospitaleko Erradiofisika eta Babes Erradiologikoko Zerbitzuak erradiokirurgia-teknika berri bat ezarri du. Teknika horri esker, kalitate handiarekin eta zehaztasun milimetrikoarekin tratatzen dira tumoreak. Gure ospitalea Europako hirugarrena da HyperArc™ izeneko teknika hau erabiltzen, joan den irailean instalatutako True Beam™ azeleragailu berriarekin.

Bestalde, garezurreko maskara bikoitza erabiltzen da immobilizazio-sistema gisa, pazienteari minik eragiten ez diona. Gainera, tratamendua jasotzeko saioak murriztu egiten ditu teknika honek; izan ere, garuneko bost lesio ere irradiatu ditzake aldi berean.

Tratamendua emateko teknika berri hau ezartzeko, Erradiofisika eta Babes Erradiologikoko Zerbitzuak plangintzarako eta kalkulurako tresna berri honek erabiltzen dituen eremu-taimaina txikiko erradiazio-sorten parametrizazioa eta azterketa egin du. Halaber, VMAT tratamendu-teknika erabiltzen hasi da. Teknika horrekin zehaztasun handiagoarekin ezartzen da tumorearentzako erradiazio-dosia, ehun osasuntsuei kalte txikiagoa eraginez. Hala, hilabete gutxitan tratamendu konplexuentzako teknika estandarra bilakatu da.

Laster “gating”aren bidez programatutako SBRT tratamenduak egingo dituzte azeleragailu berriarekin. Sistema horrekin 5 cm baino gutxiagoko diametroa duten lesio txikiak tratatu daitezke, bai biriketakoak, bai gibelekoak eta bai hain ohikoak ez diren beste gune batzuetakoak.