Mª Pilar Bachiller, Donostialdea ESIko Farmaziako Unitateko zerbitzuburua: “Farmaziako Unitatea ezinbesteko zutabea izan da pazienteentzako sendagaiak bermatzeko”.

 

Farmaziako Unitateak gure ESIaren funtzionamenduan zeregin garrantzitsua du, baina pandemia-hilabete hauetan funtsezkoa izan da krisi sanitarioa kudeatzeko zerbitzu honek egindako ekarpena. Izan ere, sendagaiak bermatu behar izan zaizkie beharrean zeuden guztiei, bai eta beharrezko tratamenduak ere COVID-19ak jotako pazienteei. Gainera, Farmaziako Unitateak protokolo berriak egin behar izan ditu, gure profesionalak aholkatu, medikamentuak baliozkotu… Horretarako, talde-lanean eta modu koordinatuan jardun du beste profesional batzuekin eta farmaziako beste unitate batzuekin. Mª Pilar Bachiller Farmaziako Unitateko zerbitzuburuak egun hauek nolakoak izan diren kontatu digu.

 

Zer moduz zaudete aste gogor hauen ostean?

Nahiko ondo gaudela esan dezakegu. COVID-19aren pandemian ardaztutako jardun biziko hilabete hauen ostean, gure zerbitzuko ohiko jarduera berreskuratzen ari gara, ospitaleratutako pazienteei, eguneko ospitalekoei eta kanpo-kontsultetakoei arreta farmazeutikoa emateko. Oporrez gozatu eta zalantzazko etorkizunari aurre egiteko pilak kargatzeko  gogo biziz ere bagaude.

 

Zer eginkizun izan du Farmaziako Unitateak pandemiaren kudeaketan?

Ospitaleko zerbitzu kliniko nagusia garen aldetik, funtsezkoak eta ezinbestekoak izan gara paziente guztientzako sendagaiak bermatzeko, eta etengabeko laguntza teknikoa eman diegu gure erakundeko profesional eta paziente guztiei.

COVIDaren ospitaleko batzorde asistentzialak Skype bidez egindako bileretan parte hartu dugu egunero; COVID-19aren tratamendurako protokoloak egiten eta erabaki klinikoak hartzen parte hartu dugu; argitaratzen zen ebidentzia zientifikoaren arabera etengabe eguneratu behar izan dugu COVID-19aren farmakoterapiari dagokionez, eta esperientziak komunikatu ditugu.

Lantalde klinikoekiko etengabeko komunikazioa funtsezkoa izan da farmakoak eskuratzeko prozeduretara egokitzeko; farmako asko Medikamentuen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) kontrolatzen zituen eta egun batetik bestera aldatzen ziren; bestalde, eskaera modu indibidualizatuan egin behar zen eta beharrezkoa zen profesional eta paziente guztiekiko komunikazioa.

 

Nola berrantolatu da zuen unitatea egoera honi aurre egiteko?

Hasieratik ohartu ginen beharrezkoa zela langileen eginkizunak egunero eta etengabe berrantolatzea, egoera berrira egokituz.

Lehenengo, azpimarratu nahi dut langile-kategoria guztiek konpromiso, profesionaltasun eta elkartasun handiarekin lan egin dutela hilabeteotan.

Alarma-egoeraren lehenengo astean, Farmaziako COVID lantaldea osatu zen, bereziki pandemiari zegokion guztiaren inguruan jardungo zuten farmazialariekin, zeregin hauek betetzeko: medikamentuak lortu eta kudeatzea; COVID-19aren tratamenduaren inguruko ebidentzia zientifikoa eguneratzea; preskripzio-laguntza; baliozkotze farmazeutikoa; COVIDaren batzorde asistentzialean parte hartzea; ospitaleko Zuzendaritzarekiko, preskribatzaileekiko eta profesional sanitarioekiko komunikazioa, eta AEMPSekiko, Osakidetzaren farmaziako zuzendaritza nagusiarekiko eta Eusko Jaurlaritzako farmaziako zuzendaritzarekiko harremana.

Hasieratik langileen segurtasunaren inguruko alderdiak aztertu ziren kutsatzeak prebenitzeko, eta telelana ezarri zen, aldez aurretik etxetik egin zitezkeen jarduerak aztertuz. Hala, langile batzuek Farmazian lan egin zuten eta beste batzuek euren etxeetan; bestalde, lana eta familia bateragarriak izateko alderdiak ere kontuan hartu ziren, plantilla gaztea baita, eta batzuek seme-alaba txikiak dituzte.

COVIDarekin ospitaleratutako pazienteei buruzko informazioa eguneratu eta ezagutzeko bilerak egiten genituen egunero, lehenengo orduan, telelanean ziharduten langileekiko konexio telematikoaren bitartez.

 

Zeintzuk izan ziren zuen zerbitzua berrantolatzeko lehentasunezko alderdiak?

Batez ere medikamentuen kudeaketa logistikoa lehenetsi zen, paziente guztiei medikamenduen hornidura bermatzeko. Hala, zenbait medikamenturen stocka monitorizatu behar izaten zen egunero, eta jasotzekoak ziren eskaerak eta kopuruak kontrolatu, hornitzaileei etengabe deika arituz…

Jakina, COVID-19a zuten pazienteentzako preskripzio medikorako laguntza eta baliozkotze farmazeutikoa ere lehenetsi zen, beste medikamentu batzuekiko interakzioen analisia bereziki kontuan hartuz.

Farmaziako sendagaien ospitalez kanpoko banaketa-kontsultarako aurretiko hitzorduaren sistema martxan jarri zen, bai eta telefarmaziaren bidez paziente horiei arreta eman eta sendagaiak etxera eramateko prozedura bat ere, telefono bidezko arreta farmazeutikoa telematikoki edota Zoom edo bestelako tresnekin emanez.

Eta, lehen aipatu dudan bezala, komunikazioa oso beharrezkoa izan da, eta lehentasuna eman zaio.

 

Funtsezko alderdi bat izan da Farmazia COVID-19aren diziplina anitzeko batzorde asistentzialean integratu izana. Zergatik?  

Barne-Medikuntzako, Infekziosoetako, Pneumologiako, Intentsiboetako, Erreumatologiako edo beste unitate batzuetako profesionalez osatutako COVIDaren diziplina anitzeko batzorde asistentzial horretan farmazialariak sartzeko beharra tratamenduaren inguruko proposamenen eta medikamentuen eskuragarritasunaren egoera kaotikoaren ondorioz sortu zen. Birus ezezagun batek eragindako gaixotasuna izanik, ez zegoen ebidentzia zientifikorik tratamendu farmakologikoari zegokionez, eta argi ikusten zen protokoloak egin eta etengabe eguneratu behar zirela, ebidentzia zientifikoaren arabera, eta farmakoak eskuratzeko AEMPSen arauak betez.

Batzorde hori egunero biltzen zen, hala COVID-19aren tratamenduaren protokoloa eguneratzeari buruzko alderdiak jorratzeko nola sendagai jakin batzuk eskuratzeko paziente hautagaien eskaeren inguruko erabakiak hartzeko, AEMPSek ezarritako erabilera-irizpideetan, sendagaien eskuragarritasunean eta ospitaleko protokoloan oinarrituta. Batez ere gaixotasunaren fase inflamatorioan zitokinak askatzea inhibitzen duten farmakoetan zentratu zen (adib., IL-6aren inhibitzailea den Tozilizumaba, kortikoideak eta beste batzuk).

 

Farmaziako unitatean 7.000 pertsona baino gehiagori banatzen zaizkie sendagaiak. Nola gauzatu da medikamentuen gestioa konfinamenduan?

Gogorarazi nahi dut ospitaleko farmazia-zerbitzuan badagoela farmazia anbulatorioaren eremu bat, non hainbat patologia (GIBa, esklerosi anizkoitza, gaixotasun inflamatorioak, onkohematologikoak eta abar) tratatzeko ospitaleak banatzen dituen medikamentuak behar dituzten kanpoko pazienteak artatzen diren.  Aktibitate handiko eremu bat da, eta eragin ekonomiko handikoa.

Egunero ematen da arreta farmazeutikoa eta egunero banatzen dira sendagaiak (egunean 150-180, batez beste), eta COVIDagatiko alarma-egoeraren dekretuak ospitaleko bisitak murriztea gomendatzen zuen, kutsatzeak minimizatzeko. Horrek erabakiak hartzera eta gure lan-prozedurak aldatzera bultzatu gintuen, eta sendagaiak 2 hilabeterako banatzen hasi ginen (ohikoa hilabete baterako banatzea zen), eta arreta farmazeutikoa emateko gune gehiago jarri eta ordutegia zabaldu genuen. Ondorioz, hornitzaileei sendagai horiek erosteko plangintza aldatu behar izan genuen. Zailtasun dezente izan genituen gure eskaeren horniketari dagokionez; izan ere, estatu mailan gorakada orokorra izan zuten farmazia-laborategientzako eskaerek. Sendagai batzuk ezin izan ziren bi hilabeterako banatu, hornidura-arazoak zirela-eta.

Ondoren, farmaziarako bisitak eta pazienteen pilaketak murrizteko neurri gehiago ezarri ziren; hala, aurretiko hitzordua ezarri zen, sendagaiak etxera banatzen hasi ginen eta arreta farmazeutikoa telefonoaren eta telefarmaziaren bidez ematen.

 

Sendagaiak etxera bidaltzea eta telefono bidezko kontsulta farmazeutikoa funtsezkoak izan dira medikamentuen banaketa antolatzeko.

Hala da. Paziente asko beren medikazioa jasotzeko ospitaleko farmazia-zerbitzura joatea saihestu dugu, eta kutsatzeko arriskua murrizten lagundu dugu horrela; kontuan izan behar dugu paziente asko, haien patologiagatik edo adinagatik, arrisku-taldekoak direla.

Alderdi hori Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzak sustatu zuen Autonomia Erkidegoko ospitale guztietan.

Gure zerbitzuak, bi hilabete eta erdiz, 1.500 pazienteri baino gehiagori etxera bidali dizkie sendagaiak eta 2.000 bidalketa baino gehiago egin dira Distribuidora Farmacéutica Guipuzcoana enpresaren banaketa-zerbitzuaren bidez; halaber, Gipuzkoatik kanpo konfinatutako pazienteen eskaerei ere erantzun diegu.  Zerbitzu hau ezartzeko antolaketak kostu handia izan du; izan ere, antolaketa horrek denbora eta giza baliabide asko eskatzen zituen, bai eta pazienteekiko, klinikoekiko eta farmaziako mezularitza-zerbitzuarekiko zein profesionalekiko koordinazio handia ere. Arreta farmazeutikoa batez ere telefonoz ematen zen, eta farmazialaria paziente bakoitzarekin jartzen zen harremanetan medikazioa etxera bidali aurretik. Tratamendua hasten zuten pazienteekin bide telematikoa erabiltzen zen, hala nola Zoom edo Skype, eta tratamenduarekin eta gaixotasunarekin lotutako alderdi guztiak azaltzen zitzaizkien.

Une honetan ez dugu horrelako zerbitzurik ematen, dagoeneko ez baikaude alarma egoeran.

Zerbitzu hori oso ondo baloratu dute pazienteek, inplikatutako profesionalek, ospitaleko zuzendaritzak eta farmazia-zerbitzuaren kalitatea kudeatzeko AENOR kanpo-auditoretzak, zeinaren ziurtagiria daukagun.  Nire eta nire lankideen iritziz, zerbitzu honek jarraitu egin beharko luke zaurgarritasuna, hauskortasuna, urruntasuna eta antzeko irizpideak betetzen dituzten pazienteentzat; hala, zerbitzuak epe motz-ertain baterako helburutzat dauka, eta une honetan Zuzendaritza aukera hori aztertzen ari da.

 

Arazoak izan dituzue guztientzako sendagaiak bermatzeko?

Bai, izan ditugu, eta asko. Baina ahalegin handia egin dugu horiek konpontzeko eta paziente guztien (ospitaleratutakoen, eguneko ospitalekoen eta kanpokoen) beharrei erantzuteko, eta paziente bat ere ez da geratu tratamendua garaiz eta behar bezala, kalitatez eta segurtasunez, jaso gabe.

 

ZMIn ospitaleratutako pazienteen kopuru handia zela-eta, medikamentuen eskariak gora egin zuen pandemiaren garaian, eta kasu batzuetan alternatiba terapeutikoak bilatu behar izan ziren. Zer ondorio ekarri zituen egoera horrek eta zer konponbide aurkitu zenituzten?

Stress handiko une eta egun kritikoak igaro genituen; izan ere, ZMIn erabiltzen diren medikamentuek eskari handia zuten, eta ez genekien ziur beharrezko kopuruak jasoko ote genituen. Egoera horrek loa ere galarazi zigun.

Zenbait momentutan sentitu nuen medikamentuen erabilera arrazional eta egokiaz arduratzetik medikamentuen errazionamendura pasatzen ari ginela.

ZMIn erabili ohi diren medikamentu batzuk AEMPSen eta autonomia erkidegoetako farmazia-zuzendaritzaren kontrolpera pasatu ziren, eta haiek esleitzen zituzten ospitale bakoitzari zegozkion kopuruak. Egunero alternatiba terapeutikoak bilatu behar genituen etengabe, zenbait medikamenturen hornidura faltagatik, hala nola zisatrakurioa, midazolama, azitromizina zb, eta abar.  Hornidurarik gabeko egoeren aurrean, espezialitate farmazeutiko berriak eta kontzentrazio desberdinak zituzten aurkezpenak sartu behar izaten genituen; hala, medikamentuaren zirkuituan etengabeko aldaketak egin behar izaten genituen, eta medikuntzako eta erizaintzako profesionalei etengabeko informazioa eman behar izaten genien, medikazio-akatsak saihesteko.

Ildo horretatik, gure erkidegoko beste ospitale batzuetako farmazialariekin, farmazia-zuzendaritzakoekin eta zerbitzu zentralekin koordinatuta egon ginen, eta, behar izanez gero, sendagaien maileguarekin laguntzeko prest.

 

Nolakoa izan da koordinazioa gure ESIko gainerako zerbitzu klinikoekin, Osakidetzarekin eta Osasun Sailarekin?

Oro har, koordinazio ona izan dugu.  Hasiera-hasieratik ikusi genuen beharrezkoa zela Farmaziako COVID lantaldea sortzea, pandemiaren kudeaketan eta zerbitzu klinikoekiko komunikazio zuzenagoan inplikatuko zen  profesional-talde bat osatzea; lantalde hori hobetzen joan zen pixkanaka.

Halaber, oso koordinatuta egon ginen Ospitaleko Zuzendaritzarekin, haren jarraibideei adi. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot kudeaketa onagatik, eta oro har gure beharrei azkar erantzuteagatik.

Gainera, komunikazio ona eta ezinbestekoa mantendu dugu Osakidetzako Zerbitzu Zentraletako Farmaziarekin eta Osasun Saileko Farmaziarekin, eta haien jarraibideei adi egon gara beti, bai medikamentuen gestioari dagokionez, bai ospitaleko eremuko zein ospitalez kanpoko (osasun-zentroetako eta zentro soziosanitarioetako) ekintza-proposamenen gestioari dagokionez.

 

Eta AEMPSekiko eta kanpoko hornitzaileekiko koordinazioa?

Koordinazio oso estua eta iraunkorra mantendu behar izan genuen, eta ahalegin eta dedikazio handia eskatu zigun horrek. Lehen esan dudan bezala, farmakoak AEMPSen bidez eskuratzeko ia egunero aldatzen ziren prozeduretara egokitu behar izaten genuen, eta hornitzaileekin harremanetan egon behar izaten genuen etengabe, hainbat alditan deitu behar izaten genien, eta abar.

 

Zein dira pandemiari aurre egiteko gehien erabili ditugun sendagaiak?

COVID-19aren tratamenduari dagokionez, gehien erabili direnak hauek izan dira: hidroxiklorokina; lopinabirra/erritonabirra; azitromizina eta bilakaera inflamatorioa inhibitzen duten farmakoak, hala nola kortikoideak, tozilizumaba (IL-6aren aurkakoa), anakinra (IL-1en aurkakoa), immunomodulatzaileak (Beta interferoia) eta remdesivirra (erabilera errukiorrarekin). Protokoloz kanpo beste farmako batzuk ere erabili dira inoiz: koltxizina, esate baterako.

Asko erabili diren beste farmako batzuk izan dira antibiotikoak, analgesikoak (batez ere parazetamola), eta, paziente kritikoen kasuan, aireztapen mekanikoaren eta sedazioaren lagungarri gisa, muskulu-lasaigarriak, hipnotikoak eta lasaigarriak, eta anestesikoak.

 

Dirudienez, zenbait saiakuntza klinikok frogatu dute hidroxiklorokinak ez duela funtzionatzen, remdesivirrak gaixotasunaren uneren batean balio dezakeela eta dexametasonak gaixo batzuen hilkortasuna murriztu dezakeela.

Bai; datu horiek duela gutxi argitaratu dira, eta hidroxiklorokinak ez du frogatu COVID-19aren tratamenduan eraginkorra denik; gainera, albo-ondorioei eta beste medikamentu batzuekiko interakzioari dagokienez, profil kaltegarria du.

Remdesivir antibiralari dagokionez, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) berriki onartu du pneumoniarekin larri ospitaleratuta dauden eta oxigeno osagarria behar duten pazienteak tratatzeko, eta fitxa teknikoan jaso du. Frogatu da sendagai honek infekzio-prozesua 6 egunez laburtzen duela, baina ez da frogatu pertsona gutxiago hiltzen direnik.

Bestalde, Dexametasona kortikoideari dagokionez, duela gutxi frogatu da paziente kritikoen hilkortasuna murrizten dela, bereziki arnasgailura konektaturik daudenen kasuan.

 

Denok gaude txertoaren zain. Zenbat denbora igaro daiteke txerto hori lortu arte?

Hala da, bai. Denok dugu esperantza herritar guztientzat eskuragarri egongo den txerto eraginkor batean.

Hainbat ikertzaile-taldek dihardu txerto hori ikertzen, ikerketa-ildo desberdinetan. Lantalde batzuk dagoeneko fase kliniko aurreratuan daude (III. fasean, gizakietan erabiltzen denean), merkaturatzearen aurreko fasean, alegia.

Hala ere, uste dut oraindik itxaron egin beharko dugula oro har biztanle guztien artean erabiliko den txerto eraginkor bat izan arte; izan ere, kontuan hartu behar da saiakuntza klinikoen eraginkortasuna eta segurtasuna baloratzeko fasea ez ezik, industria farmazeutikoaren ekoizpen- eta merkaturatze-fasea ere.

 

COVID-19arekin lotutako zein saiakuntza klinikotan edo azterlanetan ari da parte hartzen gure erakundea?

Farmaziako zerbitzuak inplikazio handia izan du ospitaleko ikerketa-jardueran.

Nabarmentzekoa da OMEren Solidarity nazioarteko saiakuntza klinikoan parte hartu izana, bai eta COVID-19aren aurkako farmakoterapiaren emaitzen Espainiako erregistroaren baheketa-azterketan ere, zeinaren sustatzailea Ospitaleko Farmazialarien Espainiako Elkartea (SEFH) den.

SARS-CoV2 gaitzaren ondorioz aireztapen mekanikoarekin dauden paziente kritikoen tratamendurako Remdesivirren eskuratze hedatuaren protokoloan ere parte hartu zen, hori izanik pandemia-aldian sendagai hori lortzeko bide bakarra. Gaur egun dagoeneko merkaturatze fasean dago.

Halaber, erakunde barruan, bi azterlanen diseinuan parte hartu dugu: bata tozilizumaba vs kortikoideak azterlana eta bestea Koltxizinari buruzkoa, ospitaleratutako COVID-19 pazienteetan duten eraginkortasuna baloratuz; AEMPSek berriki baimendu du lehenengoa.

 

Zer ikasi duzue egoera honetan?

Lehenik eta behin, langile guztiek denbora errekorrean eta arintasunez erantzuteko, egokitzeko eta malgutasunez jokatzeko gaitasun handia izan dutela, pandemiaren etapako laguntza-eskaerei erantzuteko. Profesional guztien lana eredugarria izan da, eta egoera zailetatik ateratzen jakin dugu.

Bestalde, pandemiaren balizko berragertzeei aurre egiteko ekintza- edo kontingentzia-planak ezartzeko beharra ikusten dut; prest egon behar dugu, eta horretan ari gara.

Alarma-egoerak gure lan-moldeetan aldaketak egitera eraman gaitu, sistemarentzat, profesionalentzat eta pazienteentzat oso onuragarriak eta gogobetegarriak izan direnak; zehazki telelana eta telefarmazia ezarri ditugu etapa honetan, eta tresna telematiko berriak erabiltzen ikasi dugu, profesionalen bileretan eta prestakuntzan ere erabiltzeko.

Era berean, ikasi dugu zerbitzuko eta ospitaleko profesional guztiekiko komunikazio eraginkorra izatea lehentasunezkoa dela bizi izan dugunaren antzeko egoerei aurre egiteko, eta uste dut hori hobetzeko lan egin behar dugula.

 

Normaltasunera itzuliko gara, ala COVID-19a geratzeko etorri da?

Jakina, COVID-19a geratzeko etorri da, eta herritarrentzako txerto eraginkor bat izan arte, ezer ez da izango lehen bezala. COVID-19aren ondorioz herritarrok hainbat neurri hartu behar ditugu eguneroko bizitzan gaitzaren transmisioa saihesteko,  eta pentsatzen dut horrek beste arnas infekzio batzuk gutxitzen ere lagundu dezakeela. Maskarak, eskuen higienea eta pertsonen arteko distantzia gure bizitzan sartu dira.

Argi ikusten dut pandemia-aldian ezarritako aldaketa batzuk gure artean geratuko direla, gure osasun-erakundearen barruan –eta, zehazki, gure zerbitzuan–; adibidez, teknologia telematikoak erabiltzea lan-ingurunean eta pazienteei ematen zaien laguntzan.

Beste behin ere, krisiak edo egoera zailak ikasteko eta hobetzeko aukerak direla berretsi da, Farmaziako zerbitzuan horrela izan dela sumatzen dut.