Maialen Lizundia, Donostialdeko ESIko komunikazio‑arduraduna: «Egun hauetan lan handia egin dugu, baina erronka zirraragarria izan da»

Ziurgabetasun-egoeretan, bizi izan dugun pandemiaren kasuan bezala, komunikazioa alderdi oso garrantzitsu bihurtzen da. Komunikazio-beharrak ugaritu egin dira eta komunikabideek gure erakundean arreta handia jarri dute. Egoera horri aurre egiteko, komunikazio-unitatea ziztu bizian lan egiten ari da. Bertako profesionalek, Maialen Lizundia arduraduna buru dela, azken asteak nolakoak izan diren azaldu digute.

 

Nola bizi izan dira egun hauek zuen unitatean?

Egun hauetan lan handia egin dugu, baina erronka zirraragarria izan da. Zaila da egin behar izan dugun guztia hitzez azaltzea. Izan ere, benetan ordenagailura eta telefonora itsatsita bizi izan gara, astelehenetik igandera ordu pila bat lanean, eskaera guztiei erantzun ahal izateko. Akigarria izan da, baina lan guztia aurrera ateratzea lortu dugu eta horrek poz handia eman digu. Egoerak hori eskatzen zuen eta guztion konpromisoa eredugarria izan da. Egun hauetan, komunikazioa oso joria izan da. Egun batetik bestera zaharkitu egiten zen. Egiaztatu eta eguneratu behar izan da, informazioa komunikatu behar zuten zerbitzuekin elkarlan estuan aritu. Sortzen joan diren behar komunikatibo berrietara moldatu behar izan dugu. Informazioa dosifikatzen ikasi dugu, gure profesionalei gainezka ez egiteko. Denetarik egin dugu: ehunka kartel plastifikatu, komunikabideen ezin konta ahala eskaera kudeatu edo intranetean COVID‑19arekin lotutako eduki guztiak eguneratu. Taldean lan egin ezean horrelakorik ez genuela lortuko ikasi dugu. Aukera hau baliatu nahiko genuke ospitaleko eta Lehen Mailako Arretako unitate guztiei eskerrak emateko, eskatu diegun guztiari erantzuteko prestasunagatik eta arretagatik. ESI honetan dauzkagun profesionalez harro egon behar dugu.

 

 

Nolakoa izan da komunikazioa COVID-19aren garaian?

Bada, konplexua, oso konplexua. Antolatzeko eta kudeatzeko zaila. Lehen adierazi dugun bezala, komunikazioa hainbat esparrutatik iritsi da eta azkar komunikatu beharra zegoen. Komunikazio-fluxuak antolatu eta garrantzitsuena lehenetsi behar izan dugu. Krisi-garaietan, zer mezu komunikatu nahi dugun aztertzea funtsezkoa da.

Komunikazioaren arloan, krisialdietako (hondamendiak, istripuak, eta abar) komunikazioa beti hartzen da kontuan. Bizitzen ari garen pandemia komunikazio mota horren adibide garbi bat da. Aurrerantzean, komunikazio-fakultateetan «krisialdietako komunikazioaren eredu garbi» gisa aztertuko da pandemia hau, beraz, berau bizitzea erronka handia izan da.

 

Zer garrantzi izan du komunikazioak pandemiaren garaian?

Pandemiarekin lotuta dauden ziurgabetasunak eta tentsioak komunikazio ona izatearen garrantzia nabarmentzen dute. Ziurgabetasun hori modulatzeko, lasaitzeko, informazioa behar da. Gainera, erabakiak hartzea ez ezik horiek komunikatzea ere garrantzitsua da, pertsonek nola jokatu behar duten uler dezaten, besteak beste. Orain dena oso argi dagoela iruditzen zaigun arren, hasieran ideia batzuk indartu behar ziren, adibidez: eskuak garbitzearen edo distantzia sozialaren beharra. Halaber, Zuzendaritzak hainbat antolaketa-erabaki oso garrantzitsu hartu zituen, gizarteak ezagutu eta langileek barneratu beharreko erabakiak, hain zuzen, beraz, mezu esanguratsu horiek kontu handiz landu behar ziren.

 

Nola antolatu da komunikazio-saila?

Lan-bolumen handiena komunikabideei eta haien eskaerei erantzutea izan da. Horrek lan handia eman digu, pandemiari buruzko informazioaren zero eremua izan garelako. Komunikabideetako oihartzuna handia izan da. Denak gure erakundeari begira zeuden. Egunero, dozenaka komunikabidek gure erakundean interesa izan dute; argazkiak atera, irudiak grabatu, elkarrizketak egin edo profesionalekin harremanetan jarri nahi zuten. Taldearen zati bat komunikabideei arreta ematen aritu da.

Kartelak eta eskuorriak egitea beste jarduera-esparru garrantzitsuetako bat izan da. Kartela komunikatzeko funtsezko gako bat izan da. Kartel gehienak Osasun Sailaren komunikazio-estrategiaren parte ziren, baina beste asko gure erakundearen beharrei erantzuteko egin ditugu.

Gure komunikazio-estrategiaren hirugarren zutabea plataforma digitalak, Intranet eta buletina kudeatzea izan da, baita «informazio-pilulak» eta «COVID 0» kudeatzea ere, sare sozialak ahaztu gabe.

Beste esparru garrantzitsuetako bat ikus-entzunezko ekoizpena izan da. Dibulgazio, informazio eta marketinerako hainbat bideo egin ditugu, horien komunikazio-garrantziaz jabetuta.

Ez dugu ahaztu behar pandemiarekin lotutako eduki guztiak itzultzen aritu den itzulpen-zerbitzu bat ere badagoela
gure unitatean.

 

Zer rol jokatu dute sare sozialek?

Sare sozialek gizarte-kohesiorako rol garrantzitsua jokatu dute. Herritarrei mezu batzuk bat-batean helarazteko aukera emateaz gain, bidali dizkiguten animo- eta babes-mezuak jasotzeko eta erakusteko ere balio izan digute.  Herritarrek hasieratik ulertu dute osasun-langileek krisi honetan rol garrantzitsua zutela, eta horixe adierazi digute. Horretarako erabili duten tresnetako bat sare sozialak izan dira. Pandemiaren aste gogorrenetan, ehunka mezu jaso ditugu eta sare sozialetan jarri ditugu, mundu guztiak irakurri ahal izan zitzan.

 

Profesionalek komunikatzeko gehien erabili duten tresnetako bat Whatsapp izan da.

Bai, barne-komunikazioan mugikorra garrantzitsua dela konturatu gara pandemia honetan. Ia mundu guztiak, uneren batean, Whatsapp erabili du komunikatzeko. Tresna horren erabilerraztasunak taldeak sortzeko eta haien artean komunikatzeko aukera eman dio jendeari. Baina ez dugu ahaztu behar beste tresna batzuk ere garrantzitsuak izan direla, esaterako: Zoom eta telefonoa, batez ere gizartearekin komunikatzeko. Zoomen kasuan, berria da, baina aurrerantzean ere erabiliko da.