Osakidetzaren sareko Donostialdeko ESI-Biogipuzkoa erakundeak minbiziaren estatuko erreferentziazko zentroaren akreditazioan parte hartuko du, minbiziaren Zentro Integralen Europako Sarea sortzeko helburuarekin

European Comprehensive Cancer Centres-en errekonozimendu entzutetsu hau aitortzen zaie kalitate asistentzialaren estandar zorrotzenen betekizuna egiaztatzen duten Europako zentroei.

 Sare honen helburua da minbizia duten pazienteei arreta egokia eta kalitatezkoa emango zaiela bermatzea, paziente horien % 90 minbiziaren erreferentziazko zentro akreditatuetan artatuz. Mugaz gaindiko lankidetza honi esker, gainera, pazienteek kalitate handiko diagnostiko, zainketa eta tratamendu berritzaileak eskuratzeko aukera gehiago izango dituzte. Hautaketarako, zehatz-mehatz justifikatu behar izan dira, besteak beste, profesionalentzako irakaskuntza-programak, eskaintzen diren terapia aurreratuak, haurren eremua, tratatzen diren minbizi-gaixotasun konplexuen kopurua, baliabide materialak eta giza baliabideak, antolaketa-egitura, prozesu asistentzialak, jarduera zientifikoa eta ikerkuntzakoa, eta, jakina, emaitza asistentzialak. Akreditazioak hori guztia ebaluatzea eta indarguneak eta hobekuntza-arloak atzematea ekarriko du.

Kalitate handiko arreta onkologikoan hainbat faktorek eragiten dute, hala nola diziplina anitzeko lantaldeetan jarduteak, minbiziaren prozesu osoan zehar kalitatezko arreta optimoa emango duten zerbitzu onkologiko espezializatuetarako sarbidea izateak eta sendagai eraginkorrak eta berritzaileak izateak. ESIa hainbat urtez ari da arreta hori eskaintzen eta garatzen, eta akreditazio honek lan horren balioa nabarmendu besterik ez du egiten, ESIak minbiziaren tratamenduetan eta prozesuetan duen maila handia erakutsiz.

Minbiziaren erreferentziako zentro gisa hautatua izateak bultzada emango dio Osakidetzaren estrategiari, hau da, pertsonak zaintzen dituzten pertsonez eta konpromiso, gaitasun eta errekonozimendu sozial handiko profesionalez osatutako osasun-sistema izatearen estrategiari, zeinak, Euskal herritarren osasun-beharrei erantzuteko, hainbat arlotako profesionalen talde- eta sare-lana baloratu, sustatu eta bultzatuko duen.