Arantza Aguillo, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Orokorretako Zerbitzuko burua: «Mina, biktimak eta sufrimendua hor egonagatik ere, guztiok prozesu berean lan egitea errazagoa eta askoz eraginkorragoa dela ikusi dugu».

Azken egunotan, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Orokorretako Zerbitzuan COVID-19az kutsatutako pertsonak artatu dituzte berriro. Zerbitzu horretan pandemiaren olatu berri bati aurre egiteko prest daude. Hala ere, Arantza Aguillok, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Orokorretarako Zerbitzuko buruak, aurreko asteetan bizitakoa eta ikasitakoa kontatu digu. Zalantzarik gabe, esperientzia horiek kutsatze-kasu berriei aurre egiteko balioko dute, egoerak okerrera egiten badu.

 

Zer moduz zaudete, azken asteotako erritmo frenetikoaren ostean?

Oro har, nahiko nekatuta gaude eta oporrak behar ditugu. Oso aste gogorrak izan dira guztiontzat.

Kontua baretu zela zirudien, baina birusaren agerraldi berriek erne jarraitzera behartzen gaituzte

Halaxe da.

Gure zerbitzuan, kontingentzia-eremuak aktibo jarraitzen du.  Egun edo aste batzuetan ez zen ia positiborik egon eta orain kasu berriak agertzen hasi direnez, prest egon behar dugu, egoerak okerrera egin baitezake.

Azaroan norbaitek egoera hau biziko genuela esan izan balizu, zer pentsatuko zenukeen?

Zientzia-fikziozko film bat kontatzen ari zitzaidala.

Hasiera-hasieratik, Larrialdi Orokorretako Zerbitzua berrantolatu egin zen, bai fisikoki bai antolamenduari dagokionez. Zertan oinarritu da berrantolaketa hori?

Adituek beste pandemia batzuekin bizi izandakoaren harira egindako gomendioetan oinarritu gara.

Lehen araua mikroorganismoaz –kasu honetan koronabirusaz– kutsatuta egon daitezkeen pazienteen zirkuituak gainerako pazienteengandik bereiztea da. Horrela, ospitale barruko kutsapenak saihesten direnez, pazienteak eta langileak babesten dira.

Premisa hori oso sinplea bada ere, beste alderdi batzuetan hainbat eta hainbat egokitzapen egin beharra ekarri du, eta horrenbestez, ezin konta ahala aldaketa sartu behar izan ditugu lan egiteko moduan. Baina ezin bizkorrago lortu genuen hori, ospitaleko pertsona eta zerbitzu askoren laguntzari esker, dena eman baitzuten berrantolaketa hori egiteko orduan.

Bestalde, gaixotasun berria denez, datuak pixkanaka-pixkanaka ezagutuz goaz eta gaixotasunari aurre egiteko protokoloak eta moduak aldatuz doaz ia egunero. Horrek agerian uzten du zerbitzu batek, edonolakoa dela ere, zenbaterainoko ahalmena duen egoera berrietara egokitzeko.

Nola bizi izan duzue pandemia Larrialdi Orokorretako Zerbitzuan?

Ziurgabetasun, urduritasun eta beldur handiarekin. Baina taldeko jarrera onarekin ere bai, parte-hartze eta erantzukizun handiarekin.

Zeintzuk izan dira momenturik gogorrenak?

Martxoko azken astea eta apirileko lehenengoa. Orduantxe egon zen lan gehien, kasu gehien eta ospitaleratze larri gehien.

Medikuntzaren ikuspegitik, zer iruditu zaizue deigarriena?

Irudi erradiologikoak. Itxuraz oso gaizki ez zeuden paziente gazte eta osasuntsuek biriketako gaixotasun larria zeukaten; izan ere, ia inoiz ez genituen ikusi halako irudiak erradiografietan.  Eta behin eta berriro errepikatzen zen eredu hura.

Donostia Ospitaleko Larrialdi Orokorretako Zerbitzuan bizitako egoerarik zailena izan da?

Ba ez dakit zer esan. Zorionez, guk ez ditugu bizi izan telebistan ikusten genituen beste ospitale batzuetako egoeren parekoak. Hemen ez gaitu horren gogor astindu eta ondo antolatu eta koordinatu gara, bai Lehen Mailako Arretarekin eta bai Ospitaleratze Zerbitzuekin (pneumologia, barne-medikuntza, gaixotasun infekziosoak, zainketa intentsiboak, etab.), eta baita Prebentzio Medikuntzarekin eta beste laguntza-zerbitzu batzuekin ere.

Bestalde, beste espezialitate batzuen laguntza eta lankidetza izan ditugu, COVID-19ko kasuak artatu ahal izateko.

Nolanahi ere, zerbitzua ez zegoen gainezka, eta antolamendua ona zen, baina gaixotasun honek ekarritako karga emozionala izugarria izan da. Kezkatuta eta beldurtuta egon gara, kutsatuko ote ginen eta batez ere, birusa etxera eraman eta gure senideak kutsatuko ote genituen. Horren ondorioz, estutasun handiko asteak igaro ditugu. Hori bai ez dugula beste inoiz bizi izan.

Pandemia hau hain larria izatea espero al zenuten hasieran?

Ez horixe!  Hasieran kontua Txinan geratuko zela uste genuen guztiok eta hedatzekotan, A gripearen antzekoa izango zela. Gero gauzak okerrera egin zuen eta Italiara heldu zenerako, jada bagenekien gu ez ginela libratuko.

Nola zetozen COVID-19az kutsatutako gaixoak larrialdietako zerbitzura, fisikoki zein aldarte aldetik?

Fisikoki, gaizki, oro har. Lehen Mailako Arretan artatzen genituen paziente arinak eta bertan egiten genien jarraipena; Larrialdietako Zerbitzura heltzen zirenek, aldiz, arnasa hartzeko zailtasunak zituzten jada, orokorrean.

Aldarte aldetik, oso ikaratuta. Gogoan dugu itxarongeletako isiltasuna, batez ere.

Aste horietan zehar, jendeak koronabirusarekin zerikusia ez duten gaitzengatik ospitalera joateari utzi zion, kutsatzeko beldur zirelako.

Bai. Lehenengo momentutik nabaritu genuen eta logikoa da. Ziurrenik kutsatzeko beldur zirelako eta osasun-sistema ez kolapsatzeko ardura zutelako.

Ezinbestekoa zen gizarteak ulertzea ezin genituela kolapsatu larrialdietako zerbitzuak. Eta horri dagokionez, biztanleriaren erantzuna eredugarria izan da, beharrezkoa zenean bakarrik jo baitute ospitalera.

Baina jarrera hori ez da mantendu denbora igaro ahala. Konfinamendua amaitu zenetik eta uda iritsi zenez geroztik, patologia arina duten eta ospitaleratu behar izan ez diren ezin konta ahala paziente artatzen ibili gara berriro.

Nolabaiteko arduraz jokatzen ari gara guztiok, baina pandemia bueltatuz gero egoerari modu eraginkorragoan aurre egiteko, zein alderdi landu beharko genituzkeela uste duzu?

Nire ustez, eraginkortasun handiz egin diogu aurre pandemiari.

Ziurrenik, alderdirik garrantzitsuenak dira adinekoen egoitzak kudeatzea, test masiboak egitea eta biztanleriari behin eta berriz oinarrizko neurriak hartzea garrantzitsua dela gogoraraztea: urruntze fisikoari eustea, maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea.

Pandemia honek zerbait positiboa ekarri al du?

Bai. Mina, biktimak eta sufrimendua hor egonagatik ere, guztiok prozesu berean lan egitea errazagoa eta askoz eraginkorragoa dela ikusi dugu.

Eta Larrialdi Orokorretako Zerbitzuko profesional guztien elkartasuna, egokitzeko ahalmena eta jarrera ona ere nabaritu ditugu, ahal izan dutena eta gehiago egin baitute estualdi hau gainditzeko.