Donostiako Unibertsitate Ospitaleak pazienteen segurtasuna hobetzeko infusio-ekipoen eta sarbide baskularren bikaintasun-arauaren akreditazioa lortu du

Donostiako Unibertsitate Ospitaleak pazienteen segurtasuna hobetzeko infusio-ekipoen eta sarbide baskularren bikaintasun-arauaren 3. mailari dagokion akreditazioa lortu du. Akreditazio hori Madrilen egindako ekitaldi batean jaso zuten Yeshika Merinok, Donostialdeko ESIko Erizaintzaren zuzendariak, eta Camino del Ríok, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Zain-barneko Terapia Lantaldearen arduradun eta Infusio eta Sarbide Baskularren Espainiako Elkartearen (SEINAV) presidenteak.

Arau berri hori SEINAVek garatu du, eta Donostialdeko ESIaren Donostiako Unibertsitate Ospitalean, Bartzelonako Vall d´Hebron ospitalean eta Bartzelonako Hospital del Mar-en  egindako pilotajeari esker baliozkotu da. Arlo honetako Europako lehenengo araua da, eta sarbide baskularren eta zain-barneko terapien ezarpen-praktikak hobetzeaz gain, Infusio eta Sarbide Baskularraren Lantaldearen asistentzia-, irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak gauzatzeko jarraibide eta baldintzak jasotzea du xede.

Horrela, infusio eta sarbide baskularren lantaldeak sortzeak ospitaleetako irizpideak bateratzeko aukera emango du, eta lantalde horien sorrera pazienteen segurtasuna bermatu eta zainketen kalitatea hobetzeko ospitaleko bikaintasunezko kudeaketarako estrategiaren parte da. Lantalde hauek zain-barneko kateter periferiko eta zentralen txertatze- eta mantentze-gaitasunetan adituak diren erizainek osatzen dituzte.

Donostiako Unibertsitate Ospitaleak Zain-barneko Terapia Lantaldea sortu zuen 2011n, helburu bikoitzarekin: batetik, guraso hematopoietikoen transplantea egina zuten pazienteen zain-sarbideen arazoak konpontzea (horrelako transplanteetan erreferentziazko zentroa da ospitale hau); eta bestetik, tratamendu onkologikoak etxean egitea, pazienteek PICCa txertaturik bazuten.

Berehala agerian geratu zen beste espezialitate batzuek ere abantaila horien onura jaso zezaketela. Hala, egopiespena paziente kronikoetara zabaldu, eta ordura arte ospitalean ematen ziren medikamentuak etxean emateari ekin zitzaion; horrek alta goiztiarrak ematea ahalbidetu zuen, pazienteen erosotasunerako.  Gaur egun, Zain-barneko Terapia Lantaldeak ospitaleko zerbitzu guztiekin lan egiten du, eta Gipuzkoako sare komunitario osoaren aholkulari eta lotura gisa jarduten du. Gainera, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak, ospitale tertziarioa izanik, bere baitan hartzen dituen lau eskualde-ospitaleen erreferentziazko lantaldea da.

Lantaldea kudeatzaile batek, hiru erizainek eta zainketen teknikari batek osatzen dute, eta, egitura-kokapenari dagokionez, Erizaintza Zuzendaritzaren mende dago. Lantalde honek, sorreratik, zain-gailu baten ezarpena ez ezik, gailua jartzen denetik kentzen den arte jazotzen diren gertakarien kontrola eta gertakari horien aurreko erantzuna garatu ditu. Arau berria dela-eta, kontrol-sistema areago doitu du, emaitza-adierazleei ez ezik prozesu-adierazleei erantzuteko, non efizientziak eta pazienteen balorazioak garrantzia hartzen duten.  Urtean, batez beste, 2.000 kateter ekogidatu baino gehiago ezartzen ditu, eta larruazalpeko gordailuak daramatzaten paziente guztiak gainbegiratzen ditu; gainera, gailuei buruzko ospitale barruko zein kanpoko interkontsulta guztiei erantzuten die. Bestalde, lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko erizainen prestakuntzaz arduratzen da, zainketen estandarizaziorako dokumentuak egiten ditu, eta sarbide baskularrarekin zerikusia duten produktu sanitarioei buruzko aholkularitza eskaintzen du. Lantaldeak lidergo erabakigarria erakutsi du Flebitis Zero proiektuan, irakaskuntzan eta infusio-ekipoen eta sarbide baskularren Espainiako beste lantalde batzuen sorreran.

Zorionak Zain-barneko Terapiaren Lantalde osoari.